KulTURA

Euskal Herriko biblioteka egitea, Joan Mari Torrealdai euskaltzainaren aldarria

Gaur egin du Euskaltzaindiako sarrera hitzaldia, Foruan, 'Bibliografiatik Bibliotekara. Esperientziari leihoa' hitzaldiarekin. Euskararen akademiaren mendeurrenera begira (2018) egiteko garrantzitsuak aipatu ditu.

2009ko urriaren 31
21:43
Entzun
Bibliografiatik Bibliotekara. Esperientziari leihoa hitzaldia emanez egin du gaur Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak Euskaltzaindiako sarrera hitzaldia. Bere herrian egin ere: Foruan (Bizkaia). Ondoren jantzi du euskararen akademiako domina. 2007ko azaroaren 30ean izendatu zuten euskaltzain oso.

Frantziskotarren elizan izan da ekitaldia -lepo zegoen-, eta helburua Euskal Herriko biblioteka egitea dela adierazi du Torrealdaik; hori aldarrikatu du.

"Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa jarri dut aurrean. Izenburuak eta azpitituluak, bi keinu aldi berean izan nahi dute", esan du hitzaldian. "Bibliografiatik Bibliotekara izenburuak Ramon Sota Bizkaiko Aldundiko buruaren ikuspegia eta irmotasuna jaso nahi lituzke. Esaldi batean bilduta emango dut bere txostenean hitzez hitz honela datorrena: "La formación de esta gran Biblioteca había de exigir, el que se realizase el proyecto varias veces iniciado de dotar a los estudios del país de una Bibliografía vasca perfecta y acabada. Horixe: Bibliografia perfektua Biblioteka Handirako. Azpitituluaren oihartzuna berriagoa da, Bitoriano Gandiaga mendatarraren olerkitik datorkigun esperantza: "Esperantzari leiho bat / zabaldu omen diote / bizi ahal ote den / ikusteko ere". Hauxe izango da nire lana orain, bibliografia eta biblioteka zelan bizi izan diren ikustea, hots, bi alorretan egin diren ahaleginen berri ematea, eta esperantzaren leihoa zabaltzea aro digitalean".

Euskal Herriko Liburutegia sortzeko, orain arte egindako lanari esker-eta "ez gaude zero puntuan", euskaltzainaren arabera. "Bibliografiak bezala Bibliotekak asko aurreratu du, zorionez. Esaterako, baditugu euskal bibliotekak, badugu katalogo kolektiboa, badugu Euskadiko Biblioteka".

Xede zehatzak

- "Bibliografiagune bat eta bakarra. Euskal Herri osoko informazioa bildu eta bideratuko lukeen gunea litzateke. Pizkundekoek nahi zuten legez, gurekin edo gure herriarekin loturiko arlo guzti-guztiak jasoko lituzke bibliografiagune honek. Egungo gizartearen ezaugarriak kontuan hartuta, gunearen garrantzia are eta handiagoa da nire ustetan. Mundu globalizatuan gaude, Interneten aroan gaude.Zer gara gu hor? Itsasoan ur tanta. Baina bagara, ezta?, eta izaten jarraitu gura dugu, ezta?. Eta ikus gaitzaten gura dugu, ezta? Gure kulturaren berri izatea gura badugu, ezinbestekoa da gune bat izatea erreferentzia gisa, identifikatzeko tresna.



- Euskararen bibliografia. Euskaltzaindiaren mendeurrena (2018) ospatzeko a zer oparia! Zer bildu? Euskarazko ekoizpena noski, baina baita ere euskarari buruz mundu zabalean argitara eman den guztia. Zeinek landu? Euskaltzaindiaren ikergune berri bat izan daiteke.

- Euskal intelligentsiaren inbentarioa. Topikoa onartutzat ematen da eta suposatu egiten da euskaldunak ez duela idatzi, edo gutxi idatzi duela. Zergatik suposatzen da hori? Idatzi dutena ez delako ezagutzen. Eta zergatik ez da ezagutzen? Inoiz ez delako sistematikoki arakatu. Amets hori egia bihurtzen jada hasiak gara Jakin-en Joxe Azurmendirekin, eta askatasuna, osasuna eta sostengu ekonomikoa lagun, aurrera egin nahi genuke.

- Erakundeen artean organismo autonomoak sortu (Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, garaiko eredu). Euskal Herri osoa bere baitan hartzen dutenak, alegia. Abantaila bat bederen baluke: biblioteka unean uneko liskar politikoen eremutik aterako luke.



- Pizkundeko gogoari teknologia txertatuz sortu daiteke Euskal Gutenberg egitasmoa. Zer litzatekeen Euskal Gutenberg? Labur-labur esanda, Michael Hart-en Project Gutenberg delakoaren euskal bertsio egokitua. Hark egin asmo zuena eta gauzatzen ari dena zera da, munduko ondare bibliografikoa osoki digitalizatu, domeinu publikoko liburuetatik hasita. Anbizio gehiegia eta errealismo gutxiegia salatu zioten 1971n hasi zenean, baina 2015erako aurreikusia du milioi bat obra izan ditzakeela digitalizatuta".



Hori guztia egin, egin behar dela uste du Torrealdaik. "Txikiagoa da gure unibertsoa. Egingarriagoa, hortaz. Beste batzuek egin dutena guk zergatik ez? Amets utopikoak ote dira, ba?".

Torrealdairen "goi maila"

Jose Antonio Arana Martijak erantzun dio haren sarrera hitzaldiari, Alexandriatik digitalizaziora izeneko mintzaldiarekin. Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak Torrealdairen "goi maila" azpimarratu du, "eta euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzaile" gisa jo du, baita "berritzailetzat" ere.

11:00etan hasi da ekitaldia -pare bat ordukoa izan da-, eta bertan izan dira Torrealdairen senideak, Foruko alkatea, beste euskaltzainak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura eta Euskara diputatua, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Imanol Murua Uria kazetaria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.