Tabakalerak bere bigarren erakusketa irekiko du gaur arratsaldean. Euskal Herriko belaunaldi bereko bost artista bildu dituzte, bakoitzaren ibilbidea aztertu eta obra berriak zein klasikoak erakusteko. Hala, Miren Arenzana, Iñaki Imaz, Gema Intxausti, Idoia Monton eta Alberto Peral artisten obra berriekin areto bat osatu dute, eta bestea 80ko eta 90eko hamarkadetan sortutako lanekin. Erakusketa apirilaren 3ra arte egongo da ikusgai.
Bost artistek Leioako Arte Ederren Fakultatean ikasi dute, eta Artelekun osatu zuten formakuntza. Azken 30 urteetan bakoitzak bere ibilbidea egin du, baina harremana mantendu dute. Pintura eta eskultura nagusitzen da erakusketan, kolore biziduneko obrekin. Peio Agirre eta Beatriz Herraez komisariatuek aukeratu dituzte obrak, erakusketa bi zatitan antolatuz. Esperientzia eta berritasuna bildu dituzte, azken hiru hamarkadetako arte plastikoen panorama gaur egungoarekin tartekatuz.