Dantza

Euskal Herriko Dantza Txapelketan hamalau bikotek parte hartuko dute

Seguran jokatuko da, larunbatean. Egun osoko egitaraua antolatu dute.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Miren Garate.
2019ko urriaren 15a
14:50
Entzun

Izaten dira txapelketa gehiago ere urtean zehar, baina Segurakoa (Gipuzkoa) da dantzariek gorriz markatu ohi dutena. Larunbatean jokatuko da aurtengoa, 18:00etan, Baratze pilotalekuan, eta Gipuzkoako hamahiru bikotek eta Bizkaiko bikote batek parte hartuko dute. Bi dantza egin beharko ditu bikote bakoitzak: alde batetik, fandangoa, txistuaren erritmoan; bestetik, arin-arina, trikitiaren laguntzarekin. Isilkara txistulari taldeak eta Estanga anai-arrebek bina pieza prestatu dituzte, eta larunbatean entzungo dituzte horiek dantzariek berek ere.

Josu Ibarra, Karlos Sarriegi, Nerea Vesga, Gabriel Alonso eta Ane Anza izango dira epaileak. Estibalitz Iturria Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak azaldu duenez, lau alderdiri erreparatuko diete: dantzariek pausoak egiteko duten trebezia eta kalitate teknikoari; gorputz enborraren, besoen, buruaren eta eskuen erabilera teknikoari; dantzaldiak osotasunean eskaintzen duen alderdi artistikoari edo bikoteak dantzatzen duenean transmititzen duenari; eta, azkenik, erritmoari. Beste bi epaile ere egongo dira, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares, jantziak epaitzeko.

Aitor Ruiz de Eginoren eskultura

Sariarena izango da aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Oinarrien arabera, udalerri bat ordezkatzen duen bikote berak hiru aldiz irabazten badu txapelketa —bost urteren buruan—, udalerri horrentzat izango da behin betiko garaikur moduan ematen duten eskultura. Xabier Artolak eta Idoia Besadak iaz lortu zuten hori, eta Irurako Udalarentzat (Gipuzkoa) izan zen Nestor Basterretxeak egindako artelana. Aurtengo irabazleek Aitor Ruiz de Egino artistak egindako eskultura jasoko dute, eta ordezkatzen duten udalerrian egongo da datorren urtera arte. Horrez gain, 800 euro, txapela, lepokoa eta beste zenbait sari ere jasoko dituzte.

Hain zuzen, 2016, 2017 eta 2018ko txapelketak irabazi zituzten Artolak eta Besadak. Aurten, ordea, ez dute parte hartuko. "Deskantsu bat behar genuela erabaki genuen. Intentsitate handiz egiten genituen entseguak, eta gorputzarentzat dezenteko karga da", esan du Artolak. Hala ere, aipatu du jarraitzen dutela tarteka elkarrekin entseatzen, eta ez du baztertu etorkizunean berriro parte hartzea.

Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin batera, Dantza Eguna ere izango da larunbatean Seguran. 11:30ean polka erraldoia egingo dute, eta, eguerdira bitartean, dantza girotuak izango dira, Gau Argi taldearekin. Herri bazkaria egingo dute ondoren, eta dantza girotuen beste saio txiki bat bazkalostean, txapelketa hasi arte. Txapelketarako sarrer guztiak salduta daude dagoeneko, baina ETBk emango du jaialdia, larunbatean, 21:00etan.

Parte hartuko duten bikoteak:

1. June Elorza - Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)

2. Ane Urruzola - Iker Sanz (Vilabona-Lezo)

3. Katerin Artola - Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)

4. Irati Lopez - Gorka Granado (Sopela)

5. Larraitz Larrañaga - Amets Amubieta (Azpeitia)

6. Nagore Kerejeta - Aner Kerejeta (Azpeitia)

7. Elaia Elorza - German Aranburu (Azpeitia)

8. Leire Eizmendi - Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia)

9. Laura Bastida - Ekain Uzkudun (Azpeitia)

10. Idoia Narbaiza - Irati Olaizola (Legazpi)

11. Maider Arrieta - Jon Ander Iriondo (Azpeitia)

12. Saioa Galarraga - Julen Murgiondo (Bergara)

13. Maite Beobide - Mikel Subinas (Azpeitia)

14. Itziar Bastida - Anaitz Lizartza (Azpeitia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.