Zinema fantastikoaren zaleek Bilbo elkartze gune izango dute aste honetan, izan ere, gaur hasiko da FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa. Antonio Trashorras zinemagilearen El callejón lanaren emanaldiak eta Euskal FANT Laburrean saioak emango diote hasiera jaialdiari. Azken horretan, atal ofizialean lehiatuko diren euskal filma laburrak ikusi ahalko dira. Gaurtik eta hurrengo ostiralera bitartean, atal ofizialeko eta lehiaz kanpoko film luze eta laburrak ikusteko aukera izango da Bilboko Alondegiko Golem zinema aretoetan.
Antolatzaileek atzo aurkeztu zituzten Bilbon FANT Laburrean atalean lehiatuko diren euskal filmak. Guztira, 26 filma labur aurkeztuko dituzte atal ofizialean, eta horietako 13 Euskal Herriko egileen lanak dira. Nazioarteko eta Euskal Herriko 432 lan laburren artean aukeratu dituzte. Animazio eta fikzioko lanak ikusi ahalko dira, guztiak ere zientzia fikzioko eta beldurrezko generoetakoak. Euskal Herriko zinemagileen lanek, epaimahaia eta ikusleen sariak lortzeko aukera izatearekin batera, epaimahaiak euskal film laburrik onenari emango dion saria lortu ahal izango dute. Hasieran saioa hilaren 9an programatuta bazegoen ere, antolatzaileek hori aurreratzeko erabakia hartu dute, egun horretan Athletic-ek Europako Ligako finala jokatuko baitu.
Besteak beste, Pedro Riberoren eta Alberto Vazquezen Birdboy, Karlos Alastrueyren Ada, David Zabala eta Paul Urkijoren Ohe azpiko zera —azken bi horiek euskaraz—, Borja Corralesen eta Eneko Artetxeren Alone eta David RL-ren Chicamon lanak ikusi ahalko dira Euskal FANT Laburreanen.
Biharko eguna ere, filma laburrei eskainiko diete. Izan ere, antolatzaileek argitu bezala, laburrei aretoetan leku emateko bokazioa du jaialdiak. Bihargauean egingo dute FANT Laburrean atalaren bigarren saioa. Atal ofizialean lehiatuko diren beste 13 filmak ikusi ahal izango dira berton. Nontzefilmak saioaren ostean egingo dute; horretan ere zenbait filma labur ikusi ahalko dira atal ofizialetik kanpo.
Euskal Herriko egileen film laburrak ikusgai jarriko ditu gaur FANTek
Guztira, 36 filma labur lehiatuko dira zinema fantastikoaren Bilboko jaialdiko atal ofizialean, erdiak Euskal Herrikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu