Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak finala du bihar, Agurainen

Gaztetxoen mailan hamabi bertsolari lehiatuko dira txapela lortzeko ahaleginean, eta helduenean, hamar

Iaz Agurainen jokatutako eskolarteko bertso txapelketako finalean parte hartu zutenetako batzuk. JON HERNAEZ / ARP.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko 24. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da bihar, Aguraingo (Araba) Harresi aretoan. Guztira, 22 bertsolari lehiatuko dira bi txapelak lortzeko ahaleginean: hamabi gaztetxoen mailan, eta hamar, berriz, gazteenean. Gaztetxoen saioa, 14 urtera artekoena, 11:00etan hasiko da. Eta helduak, 14 eta 18 urte bitartekoak, berriz, 15:30ean igoko dira oholtzara. Bai bertsolarien eta bai epaileen aldetik ere, sei herrialdek ordezkaritza izango dute finalean. Zuberoa izango da Aguraingo saioan ordezkaririk izango ez duen herrialde bakarra.

Maila bakoitzean egin beharreko ariketak ezberdinak izango dira. Gaztetxoek hiru ariketa egingo dituzte aurrena: gai baten inguruan, hasierako bertsoa (gehienez bost puntukoa); lau oinak emanda, zortziko txikian bertsoa; eta gai bat emanda, bina bertso, zortziko txikian, binaka. Sei bertsolari sailkatuko dira azken txanparako, eta beste hiru ariketa osatu beharko dituzte: hitza emanda, bertso bana bota; gaia emanda, bina bertso, zortziko handian, binaka; eta, azkenik, agurra. Horren ondoren ezagutaraziko dute epaileek nork jantziko duen txapela.

Helduek ere hiru ariketa egin beharko dituzte kartzelako lanean arituko diren sei bertsolariak zeintzuk izango diren jakin aurretik. Agurra; gaia emanda, bina bertso, zortziko handian, binaka; eta gaia emanda, hiruna bertso, zortziko txikian, binaka. Sei sailkatuek beste bi ariketa osatuko dituzte. Alde batetik, puntuari erantzunez eta gaia emanda, bi bertso osatuko dituzte, gehienez, bost puntuko neurrian. Eta, bestetik, eta bukatzeko, agurrak egingo dituzte. Saioaren aurkezle eta gai-jartzailea Naroa Sasieta izango da.

Bat-bateko txapelketan 143 gaztetxok parte hartu dute 14 urtera artekoan, eta 93k helduen mailan. Idatzizkoan, aldiz, 3.446k guztira. Gerora bertsolaritzan bide luzea egin duten bertsolariek irabazi izan dute eskolartekoa: Aitor Mendiluzek, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak eta Xabier Euzkitzek, esaterako. Iaz Maddi Ane Txoperena izan zen onena helduen mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.