Aurten ehun urte bete dira Gustav Mahler hil zela, eta haren mendeurrenean, austriar konpositorea izango du ardatz Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) udako egitarauak. 16 eta 26 urte arteko 90 gazte inguru igoko dira oholtza gainera Mahlerren bosgarren sinfonia jotzera. Hiru emanaldi eskainiko dituzte: uztailaren 19an Gasteizko Principal antzokian, 20an Donostiako Kursaalen, eta 21ean Euskalduna Jauregian, Bilbon. Juan Jose Ocon EGOren zuzendariaz gain, beste zortzi musikari ere ibili dira gazteekin lanean, sinfonia prestatzen.
Atzo komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean, Oconek Mahlerren obraren konplexutasuna eta bizitasuna nabarmenduzituen, eta sinfoniaren 70 minutuak «oso gogorrak» direla gehitu. «Sei hilabete daramatzat sinfonia artegagarri hau aztertzen». Mahler post-erromantizismoaren ikurretariko bat da eta hamar sinfonia idatzi zituen, baina bosgarrena ezagunena, batez ere Viscontiren Morte a Venezia filmean agertzen den zatia. «Aberastasun armoniko handia du sinfonia honek, edertasun plastiko handikoa da eta ezinbestekoa da birtuosismoa interpretatu ahal izateko», azaldu zuen Oconek.
Musikari gazteen zubia
Blanca Urgell Eusko Jaularitzako Kultura sailburuak, bere aldetik, musikari gazteak prestatzeko Kultura Sailaren «apustua» azpimarratu zuen. EGOk gazteei orkestra «bizitzeko» aukera ematen diela, eta orkestra profesionaletara sartzen laguntzen diela azpimarratu zuen. Gazte Orkestra 1997an abiatu zuen Eusko Jaularitzako Kultura Sailak, eta Hego Euskal Herriko gazteek osatzen dute, nagusiki. Urtero bi erakustaldi nagusi egiten dituzte; udako oporretako emanaldiak, eta neguko oporretakoak.
Bestalde, atzoko agerraldian, EGO finantzatzeko urteroko hitzarmena sinatu zuten EAEko hiru aurrezki kutxek eta Kultura Sailak. Kutxek jarritako 146.000 eurorekin eta Kultura Sailaren 227.000 eurorekin osatu dute urteko aurrekontua.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gustav Mahler omenduko du uda honetan
Konpositorearen bosgarren sinfonia joko du Donostian, Bilbon eta Gasteizen, kontzertu banatan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu