Euskararen hiztun komunitatea handitzen ari da; euskal kultura kontsumitzen dutenen kopurua, berriz, ez. Kezka hori dute Elkar fundazioak, Karrikiri topaguneak eta Nafarroako euskara teknikarien sareak. Gogoeta horren inguruan diagnostiko bat osatzeko eta aurrera begirako lan ildoak eta erronkak zehazteko, Hari izpia hartzen izeneko jardunaldiak egingo dituzte heldu den urteko urtarrilaren 24an. Hitzaldi eta gogoeten bitartez, konponbideak bilatzen saiatuko dira.
“Euskal kulturaren transmisioan etena gertatu dela nabaria da: gero eta haur gehiagok euskara ikasten dute, baina horrek ez du ekarri euskaldun izan daitezen”, adierazi du Jon Jaka Elkar fundazioko lehendakariak, jardunaldien aurkezpenean. Haren ustez, kultur sorkuntza eta produkzioa aberatsa diren arren, ez dira herritarrengana heltzen. Bestalde, hezkuntzako baliabideak falta direla uste du, hizkuntza irakasteko ez ezik, euskal kultura “zehar-lerro” gisa lantzeko.
Teknologien aldaketek kulturan izan duten eraginaz ere mintzatu da: “Kultur iraultza batean gaude; orain arte, sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola eta lagunartea izan dira, eta egungoak, berriz, Google, Amazon, Facebook, Twitter, Instagram eta halakoak dira”. Hori jakinda, aldaketetara moldatzeko premia nabarmendu du. Azkenik, erakundeen eta kultur eragileen arteko elkarlanaren eta euskal kultura agenda politikoaren erdigunera eramatearen beharra aipatu ditu.
Egun osoko egitaraua
Jardunaldiak hasteko, Josu Amezaga EHUko irakasleak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko garrantzitsuak izan daitezkeen gako zenbait plazaratuko ditu. Izan ere, euskara eta kultura “une kritiko batean” daudela uste du Amezagak, ezagutzan urrats garrantzitsuak egin diren arren erabileran hutsuneak baitaude. Alegia, gero eta kultur kontsumo handiagoa dagoen arren, kontsumitzaileen kopurua maila berean dago; eta horrek berekin ekarri du euskal komunitatearen trinkotzea, baina ez zabaltzea.
Bigarren solasaldia izango da jardunaldien hitzordu nagusia. Jon Abril Elhuyar fundazioko zuzendari nagusiak euskal kulturak Nafarroan dituen erronken inguruko gogoeta bat gidatuko du. “Ariketaren bitartez, hausnartuko dugu zer egin behar den euskal kultur sormenak eta produkzioak euskararen normalizazioan eragiteko, eta alderantziz, euskararen normalizazioak euskal kulturaren sormenean”. Mintzagaien artean izango dituzte, besteak beste, herritarrengan modu eraginkorrean eragiteko bideak, transmisioa, eskaintza eta ikusgaitasuna lortzeko estrategiak. Ariketa horrekin, aurrera begirako lan lerroak zehaztea dute helburu.
Horren ondoren, Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakasleak gazteen eta transmisioaren inguruko mintzaldi bat eskainiko du, Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan egindako ikerketa etnografiko batetik abiatuta. Haren proposamena honakoa da: hizkuntza erabileraren auzia aztertzerakoan, fokua euskaraz hitz egiten ez dutenengan jarri beharrean, hitz egiten dutenengan jartzea. Horretan oinarrituz, zenbait galdera egin ditu: “Zergatik hitz egiten dute gazteen euskaraz? Zein da euskarak gazteei egiten dien ekarpena? Nor izan daitezke euskaraz?”. Horietan oinarrituz, euskararen erabileraren, gazte identitatearen eta bertsolaritzaren artean dagoen eragina azaltzen saiatuko da.
Azkenik, Euskal Herriko kultur esperientziak ezagutzeko solasaldi bat egingo dute, Aitor Elexpuru Berako alkate eta Kultur Batzordeko kidearekin, Xabier Gantzarain Azpeitiko Kultur Mahaiko kidearekin eta Gartzen Garaio Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidearekin.
Jarduera guztiak Kondestablearen jauregian izango dira, eta, irekiak izango badira ere, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea [email protected] helbidean, urtarrilaren 17a baino lehen.