Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaritzak eta Etxepare Institutuak Euskal kultura eta talentuaren 1. ziklo europarra antolatu dute Bruselan, "Euskadiko kultura eta talentua kanpoan sustatzeko". Bi hilabeteko "agenda oparoa" taxutu dute, eta lehen ekimena Donostia: hiritarren energia olatuak erakusketa izango da -Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izateko erakusketa da-.
Datozen bi hilabeteetan literatura, zinema, artea eta musika alorretako ekitaldiak izango dira. Jaurlaritzak Bruselan ordezkaritza ofiziala duenetik 25 urte bete direlako jarri dute abian zikloa, eta Etxepare Institutuaren lehen jarduerekin etorriko da bat.
Egitaraua
- Donostia: hiritarren energia olatuak erakusketa. Europako Legebiltzarrean, gaurtik ostiralera.
- Passaporta literatur jaialdia. Bernardo Atxagak parte hartuko du, "Europako literaturaren figura ospetsuekin batera", Jaurlaritzak dioenez. La Monnaie antzokian izango da, martxoaren 27an, Cervantes Institutuaren lankidetza eta partaidetzarekin.
- Ghost in armour erakusketa. "Euskadi", Alemania eta Galesko artisten erakusketa. Industriaren eta artearen eraldaketa izango du ardatz. Europako Legebiltzarrean egingo da, martxoaren 28tik apirilaren 1era.
- Bruselako gilm laburren jaialdia. Bertan publikoari zabalik izango diren jardunaldi ezberdinak egingo dira, "Euskadiko ikusentzunezkoen sektorea ezagutarazteko". Apirilaren 28tik maiatzaren 8ra.
- Xarengek euskal folkaren kontzertua emango du, maiatzaren 20an.