Alarma deia da. “Kulturak egoera larria du gure herrian; erabakiak eta neurriak hartzeko ordua da. Kolokan ditugu ehun kulturala, lan baldintza duinak, gure kulturaren kalitatea, ikusgarritasuna, transmisioa; finean, iraupena”. Beltz irudikatu dute paisaia Guk Geure Kulturaz (Geuk) mugimenduaren bultzatzaileek, eta horregatik nabarmendu dute elkartzeko beharra. Kulturgintzako eragileak deitu dituzte, kulturgintza sendotzeko neurriak hitzartzera. Ekainaren 12an bilkura zabala egingo dute horretarako Durangoko San Agustin gunean. Goizetik arratsaldera bildu nahi dituzte bertan kultur sistemaren adar guztiak, eta paisaia aldatzeko ekintza proposamenak zehaztea da helburua. Premiazko neurrien egitasmoa zehaztea. Hainbat kultur eragilerekin batera aurkeztu dute ekimena gaur Bilbon.
Artikulazioa, aitortza eta ikusgarritasuna aipatu dituzte kezken artean. Baina antolatzaileak ez dira soilik beren izenean aritu. Otsailean egin zuten lehen bilkura Geuk-ekoek Durangon (Bizkaia), eta 150 pertsona baino gehiago batu zituzten. Ordukoan ere, elkarrizketan jarri zituzten sortzaile, kontsumitzaile, bitartekari, kazetari, hezitzaile eta kultur teknikariak. Diagnosia egin nahi zuten lehen saio hartan, eta orduko ondorioak bildu eta sailkatu ostean, bigarren urratsa egin nahi dute orain. Euskal kultur sistema “osasuntsuago eta sendoago” bat sortzeko proposamenak zehaztu nahi dituzte.
Proposamenak egiteko epea zabalik
Hasiak dira proposamen batzuk jasotzen, eta zabalik izango da ekarpenak egiteko epea bilkura egunera bertara arte. Batzarra hobeki prestatzeko, ordea, proposamenak ekainaren 6a baino lehen egiteko gomendioa egin dute bultzatzaileek. Geuk-en webgunean jarritako fitxak bete beharko dira horretarako, proposatutako ekintzaren helburuak, ezaugarriak eta bestelakoak zehaztuta. Itxi gabe dago, halere, bilkuraren mamia. Egunean bertan sortutako eztabaidetan hitzartuko dira azken egitasmo proposamenak.
Taldeka egingo dute lan oraingoan ere. 09:30etik, 18:30era. Batzarra hasterako horma batean jarriko dituzte jasotako proposamenak, eta taldeka antolatuko da jendea gero, haien inguruan eztabaidatu eta zehaztapenak proposatzeko. Eguna neurri edo ekintza proposamen sorta batekin amaitzea da helburua.
Erakundeen parte hartzea
Zabala da deialdia, antolatzaileek behin eta berriz zehaztu dutenez. Erakundeetako ordezkariek ere bertan egoteko aukera badutela azaldu nahi izan dute horrekin bilkuraren bultzatzaileek. Kultur eragileek antolatu dute ekimena, baina kultur sistema osoa deitu nahi dute Durangora. Eta sistema horren parte irudikazen dituzte erakundeak ere GEUKekoek. “Hau ez da erakundeen aurkako ezer”. Eztabaida gune bat sortzea da helburua. “Gure lana da etorkizunean formatu honek izatea indargune nahikoa, proposamenak bertan egin ahal izateko”. Durangon adosten dena, halere, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, aldundiei eta udalei ere aurkezteko asmoa azaldu dute.
Zortzi elkarte eta erakunde dira, berez, ekimenaren sustatzaileak. Euskal Herriko Profesionalen Dantza Elkartea, Ahotsenea, Euskal Aktoreen Batasuna, Karraskan, Kultura Abierta, Kultura Live, Musika Industrien Elkartea eta Soinueder. Zabalagoa da, ordea, talde eragilea, eta ehunka kulturgileren atxikimendua ere jaso du deialdiak. Zabalik da, gainera, atxikimendua azaltzeko aukera.