Literatura. Idazle gazteen aukerak eta zailtasunak

Euskal literaturaren hazi berriak

Beren aurreneko lanak argitaratu dituzte Ione Gorostarzuk, Garazi Kamiok, Yoseba Peñak eta Jon Ander Urkiagak, lekua izan dute literaturan beren kezken inguruan hausnartzeko.

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gizakia gizaki denetik bere kezkak eta bizipenak besteekin partekatzeko bideak topatu izan ditu beti. Belaunaldiz belaunaldi, gizartez gizarte, pertsonek beren buruak adierazteko behar horretan, arteaz, filosofiaz, politikaz eta bestelako adierazpideez baliatu izan dira beti. Literaturak ere horiek azaleratzeko eta partekatzeko bidea zabaldu die askori. Euskal Herrian ere asko dira behar hori sentitzen duten idazleak. Horien artekoak dira Ione Gorostarzu, Garazi Kamio, Yoseba Peña eta Jon Ander Urkiaga idazleak. Haien buruen eta bizi diren munduaren inguruan hausnartzeko lekua topatu dute paperean.

Poesia, ipuina eta nobela landu dituzte euren aurreneko lanetan. Literatura euskalduneko belaunaldi gazteenetako kideak izanik, azken urtean eman dituzte argitara lanak. Gorostarzuk Des egiten (Elkar, 2012) poema bilduma argitaratu berri du; Kamiok, berriz, hainbat ipuin bildu ditu Beste norbaiten zapatak (Elkar, 2012) liburuan. Peñak Hodeien adorea (Susa, 2012) eleberria atera berri du, eta Urkiagak Atea itxi aurretik (Errota, 2011) poesia liburua argitaratu zuen iaz.

Baina ez dira euskal letren munduan azken urteotan murgildutako gazte bakarrak; izan ere, asko dira azkenaldian euskal literaturak emandako idazleak; horien adibide dira, Peio Jorajauria, Kemen Lertxundi, Katixa Agirre, Itxaso Martin, Iñigo Astiz eta Iratxe Esnaola, beste askoren artean. Armiarma literaturaren zubitegi digitalaren datuen arabera, azken urteotan gaur egun 35 urtetik behera duten 40 idazle euskaldunetik gora argitaratu dituzte beren lanak.

Euskarazko literaturan idazle gazte asko badago ere, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak faltan sumatzen du gazteen aldetik beren lanak argitaratzeko ekimen handiagoa: «Idazle gazteek ekimen gutxi dute argitalpen literarioak eurek partikularki egiteko. Garai batean literatur aldizkariak eta horrelakoak sortzen ziren, gaur egun faltan sumatzen dut beren aktibitate pertsonala, kolektiboa… Badakit, gaur egun literatur aldizkari bat argitaratzea zaila dela, baina blogak eta bestelako teknologiak ere badaude, eta haien falta sumatzen dut, gutxi sentitzen ditut mugimendu moduan», azaldu du.

Euskal blogosferak boom txiki bat izan bazuen orain urte batzuk, azken urteotan literatur blogari askok beren koaderno digitalak alde batera utzi dituzte. Esaterako, Katixa Agirrek 2010etik ez du idatzi Habitat berria blogean. Jarraitu dutenen artean, berriz, gutxi dira ospe apur bat lortu duten literatur blogak, are gutxiago idazle gazteen blogen artean. Horrelakoak badaude ere, iritzi eta kazetaritza blogak askoz ere gehiago dira Interneten.

Argitaratzeko hainbat bide

Norberaren lana argitaratzeko bideak ugaritu dira azken urteotan, testuak argitaletxeetara bidaltzearekin batera, sariketek eta bekek, autoekoizpenak eta Internetek bide berriak zabaldu dizkiete idazleei. Bide berri horietaz baliatu da Jon Ander Urkiaga, eta, lana argitaletxe tradizionaletara bidali beharrean, bere gain hartu du liburuaren argitalpena. Errota argitaletxearekin atera du, edizioa eta gastuak bere gain hartuta: «Gogoa nuen horrelako zerbait egiteko, eta zerbait apala egiteko asmoa nuen. Horregatik, nire kabuz egitea pentsatu nuen», azaldu du. Horrez gain, poema bilduma Interneten jarri du eskuragai, nahi duenak irakur dezan: «Gehienbat neure buruarekin koherente jokatzeko egin dut, gero bai, kontraesanak asko izan daitezke, baina, printzipioz, pentsatzen dut kulturak denon esku egon behar duela, eta norbaitek liburua irakurtzeko gogoa eduki baina erosterik ez badu horri ere eskaini behar zaiola aukera hori».

Gertukoa mintzagai

Ione Gorostarzuk, Garazi Kamiok, Yoseba Peñak eta Jon Ander Urkiagak hurbileko dutenaz idazten dute: «Inguruko gauzek kezkatzen naute, bai pertsonalki eragiten didatenak, sentimenduak, adibidez, bai inguru sozialak, politikoak, gure herriak berak», dio Urkiagak. Garazi Kamiok ere gertuko dituen istorioen inguruko bilduma egin du: «Hartzen ditudan gaiak egunerokoak dira, beharbada, niretzat egunerokoak direnak zuretzat oso arraroak izan daitezke. Izan ere, bakoitzak bere etxean badu bere egia. Nik bilatu izan dut eguneroko bizitza pertsonaia ezberdinekin kontatzea. Beste batzuek irakasle baten lana kontatzen duten bezala, nik, beharbada, kontatzen dut radarren mantentze lanetan behar egiten duen baten gorabeherak. Baina nik, berez, eguneroko bizitzako kontuak hartzen ditut kontuan», azaldu du Kamiok.

Eguneroko kezkez eta irudiez ere ari dira Gorostarzu eta Peña beren lanetan. Lehenengoak bere burua eta inguru hurbila hausnartu ditu bere poemetan, eta bigarrenak, berriz, asko kezkatzen duen gaia hartu du bere eleberriaren muinean: bizitzaren atzera bueltarik gabekoa. «Nire paranoietako bat da hori; batzuetan, ezin duzu dena kontrolatu, eta gauza horiek eragina dute zugan. Zerbait txarto eginez gero, ezin duzu atzera egin, eta hori zuzendu, egin duzu eta jada eragina izan du zugan», azaldu du Peñak.

Literatura elikagai

Gizakia jaten duen hori dela zioen Aristotelesek eta, era berean, irakurtzen duen hori ere bada idazlea neurri batean. Eider Rodriguez, Jose Luis Otamendi, Harkaitz Cano, Jon Benito, Castillo Suarez, Edorta Jimenez eta Joseba Sarrionandiaren idatziek elikatu dituzte, besteak beste, Kamio, Gorostarzu, Peña eta Urkiaga. Aitortu dutenez, musikak eta zinemak ere zeresan handia izan dute azken bien egitekoan, «Poesia asko musikaren bidez heltzen zaigu», iritzi dio Urkiagak, «Euskal musikaren klasikoek eragina izan dute nigan: Xabier Letek eta Benito Lertxundik, adibidez, baita Mikel Urdangarinek ere. Beste estilo batzuetako musikak ere eragin izan didate, Hertzainak, kasu. Bertsolaritzak ere eragin nabarmena izan du nigan». Peñak eragin horiek bere eleberrira ekarri ditu, era oso nabarmenean batzuetan. «Omenaldi txikia egin nahi izan diet hainbat musikari eta zinemagileri».

Gazteek sortutako euskal literaturaz galdetzen zaienean, bat etortzen dira laurok, gutxi ezagutzen da, nahiz eta oso gauza interesgarriak egiten diren: «Nire ustez, Eider Rodriguezekin hasi eta Uxue Alberdirekin segitu, kristoren kalitatea dago, eta eleberrian ere kalitate handia dago», iritzi dio Peñak. Gorostarzu iritzi berekoa da, «Idazle gazteen artean denetarik dago, baina oso gauza interesgarriak egiten dira, eta kalitate handikoak».

Kamioren iritziz, berriz, egungo gazte euskaldunen artean ez dago ez irakurtzeko ez idazteko zaletasun handirik, eta horrek isla izan dezake literaturan: «Sautrela-n egin nuen lan, eta akordatzen naiz joan den denboraldian, 2010-2011koan oker ez banago, idazle berri bakarra izan genuela programa guztietan. Eta hori guk planteatu genuen: nola litekeen hori gero eta euskaldun alfabetatu gehiago izanda; nondik datorren gazteen gogorik eza edo argitaletxeen gogorik eza. Azkenean,argibide hauek eman zizkidaten bai Gorka Bereziartuak, bai Lourdes Auzmendik: badirudi, hizkuntza gutxitu batean, azkenean heldu garela militantzia batek goraino jo duela, eta beno, oso eroso bizi garela, eta ez dirudiela idazteko gogo handirik dagoenik gazteen artean. Lanak eta nolakoak diren, ez daukat ideiarik, ez dut eduki aukerarik hori ikusteko; baina, beno, pozgarria da beti, idazle berri batek hortxe burua ateratzea literaturaren plazara, hori aberasgarria da hizkuntza guztietan».

Literatur sorkuntzarako beka eta sariek eginkizun handia dute idazle gazteen artean; izan ere, idazteko akuilu izateaz gain, idazleen lana erraztu eta ezagutarazteko bidea zabaltzen die: «Hiruzpalau argitaletxetara bidali nuen nire lana. Egia esan, bekek eta lehiaketek asko errazten dute hori. Lauaxeta saria eta Karmele Igartua beka irabazi nituen Des egiten-ekin, eta horrek ere bidea zabaltzen laguntzen dizu», azaldu du Gorostarzuk.

Idazteko pizgarriak

Azken hamarkadetan, euskarazko sorkuntza literarioak bultzatzeko sariak ugaritu egin dira, horien adibide dira Karmele Igartua beka, Igartza Literatur sorkuntzarako beka, Gazteluma saria, Lauaxeta, Urruzuno eta Resurreccion Maria Azkue sariak, besteak beste. Kamioren ustez, bekek eta sariketek akuilu lana egiten dute idazteko gogoa duten gazteen artean: «Gazte-gazteei, adibidez, Urruzuno kendu zaie, eta orduan ez dakit motibazio hori izan zitekeena, lehenengo Urruzuno batera aurkeztu eta gero, adibidez, Igartza sari batera aurkezteak fruiturik emango duen. Nik uste dut sariak egon behar direla, euskal literaturan gehiago, hizkuntza gutxitu batean bizi garelako eta interesa, beharbada, ez delako oso handia literaturarekiko». Urruzuno literatur sariari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du aurten egoera ekonomikoa argudiatuta; horren ordez, Urruzunotarrak Gehituzsaria antolatu du.

Sariek eta bekek bere eginkizuna badute ere, Urkiagaren ustez, «Idazteko gogoa duen gazte batek ez du bakarrik horretara begira egon behar. Imajinatu pare bat alditan aurkeztu duzula zure lanen bat eta ez duzula irabazi, horregatik etsi behar duzu? Ez dut uste, zure bidea har dezakezu; horrelako beka bat jasoz gero, ederto, baina horiek gabe ere aurrera egin dezakezu zeure ilusioa mantentzeko».

Asteburuan, Literaturian izango dira Gorostazu, Kamio eta Peña, beren lanak Larrabetzuko literatur plazan aurkezten. Literaturazaleok hitzordua izango dute gaurtik igandera bitartean berton, eta aukera izango dute adin guztietako idazle eta irakurle euskaldunekin elkartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.