Euskal literaturaren metroa

Euskal Herriko irakurle taldeek literaturaren inguruan gogoeta egiteko gunea izan dute Literaturia jaialdia, LarrabetzunGoizean, Edo! argitaletxea eta zortzi idazleren liburuak aurkeztu dituzte

Irakurleak Literaturiako azokako erakusmahaien eskaintzari begira. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Larrabetzu
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Nork erakusten digu zer irakurri? Zeren arabera hautatzen ditugu liburuak? galderekin abiatu zuten atzo goizean Euskal Herriko zenbait irakurle talderen arteko mahai ingurua Literaturian. Donostia, Iurreta, Segura, Meatzaldea, Estellerria, Larrabetzu, Basauri eta Legazpiko taldeetako ordezkariak bildu ziren Anguleri kultur etxean, taldeetatik kanpoko zenbait irakurzaleekin batera. 111 Akademiako Ion Olano Carlosek hartu zuen moderatzaile lana. Irakurle taldeen arteko topaketak dira Literaturiako ardatzetako bat, izan ere, Gotzon Barandiaran idazle eta antolatzaileak azaldu bezala, literaturaz gogoeta egiteko eta biltzeko leku bakanetakoa dute jaialdia. Gogoetak trukatzen aritu ziren goiz osoan, eta egingako galderei hamaika erantzun eman zizkieten.

Irakurle taldeak, berez, askotarikoak dira, eta funtzionamendu zeharo desberdinak darabiltzate. Baina antzekotasunak ere asko direnez, hainbat ondorio komunera heldu ziren: taldeen irakurketetan idazle euskaldunak nagusitzen dira eta literatur genero guztietara hurbiltzen saiatzen dira. Paritatea, idazleekiko gertutasuna, gaiak eta berritasunak hartzen dituzte kontuan lanak aukeratzerakoan, beste zenbait irizpiderekin batera. «Interesgarria egiten zait inork ez duela aipatu literatura ona —komatxo artean— aukeratzen dela, edo bi aukera daudenean zeren arabera erabakitzen duen norberak hobea edo txarragoa dela esateko», agertu zuen Ibai Atutxa idazleak, eztabaida berpiztuz. Kalitate horren neurketan, hiru irizpide nagusitzen dira batik bat taldeetan: liburuek hedabideetan jasotako kritikak, norberaren iritzia eta lagunartearen iritzia.

Literatur harremanak elikatuz

Irakurleen eta idazleen arteko harremana elikatzeko asmoz, mahai ingurua amaitu ondoren hasi ziren liburuen aurkezpenak Angulerin berton, 12:00 inguruan. Atutxak berak, Kanonaren gaineko nazioaz (Utriusque Vasconiae) azken lana aurkeztu zuen. Edu Apodakarekin batera aritu zen, eta hori Norberaren autonomia krisian (Pamiela) lanaz mintzatu zen. Haien ostean aritu ziren Harkaitz Zubiri (Etxekalte, Susa), Itxaso Martin (Ni, Vera; Elkar), Josu Penades (Ileak uretan, Alberdania), Yoseba Peña (Hodeien adorea, Susa), Fito Rodriguez (Biktimari agurka, Utriusque Vasconiae) eta Mitxelko Uranga (Espektroak. Euskaldunak Europan, Utriusque Vasconiae). Liburu aurkezpenen artean, Edo! argitaletxe berriaren aurkezpena ere egin zuten.

Anguleri inguruan, herriko plaza bizi-bizirik zegoen, handik zebiltzan literaturaz gozatzera bildutako heldu eta gazteak. Musikaz, azokaz, bestelako ekitaldiez eta giro ederraz gozatzeko aukera izan zuten goiz osoan. Jaialdia azoka ere badenez, goizetik zabaldu zituzten argitaletxeek euren mahaiak: Susa, Maiatz, Pamiela, Elkar, Txalaparta, Utriusque Vasconiae, Erein, Igela, Alberdania eta Denonartean. Beste generoekin batera, antzerkiak ere presentzia nabarmena duazokan, eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak bere mahai propioa du. «Argitaratu diren antzerki obrak erakusteko eta gure elkartea ezagutarazteko gaude hemen», azaldu zuen Ramon Agirre aktore eta EHAZEko kideak.

Literaturaren neurgailua

Gorka Arrese Susako editorearen iritziz, Literaturia editoreentzat «funtsezkoa» da, euskara hutsezko literatur ekitaldi garrantzitsuena delako. «Durangoko Azoka da editoreentzat eta literaturarentzat plazarik handiena, noski, tradizio eta urte gehien daramana. Baina hark ez du ematen gure literaturaren neurri benetakoa. Literaturia guretzat oso garrantzitsua da, soilik literaturari eta euskarazko literaturari eskainita dagoelako, eta, hemen bai, geure literaturak duen neurria ematen delako. Horregatik, Durangokoak beste garrantzi du. Nik uste dut oraindik jendeak ez duela benetan ulertu hau dela gure literaturaren metroa». Halaber, Literaturia argitaletxeek udaberri aldera kaleratzen dituzten lanak aurkezteko plaza bihurtzen ari dela dio Arresek. «Azken argitalpen data bihurtzen ari da. Lehen, normalena zen apirilerako edo maiatzaren erdirako liburuak argitaratzea, eta, orain, pixka bat atzeratu egin da, eta hori ere zor diogu Literaturiari».

Aurten laugarrenez da azokan Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko editorea ere. «Literaturiak, literatur mundua bilduz, gehienbat, euskal literaturaren funtsa aberasten du», haren ustez. «Hasieratik, Iparraldeko elkarte gisa, eta nolabait hango idazleen izenean, uste dut gozoki, ongi baloratzen dugula. Beti bezala, ekartzen ditugu geure berritasunak, argitaletxeetarako ere garrantzitsua baita publikoarekin hitz egitea eta esplikatzea han ere literatura egiten dela. Eta aldi berean topatzea hemengo idazleekin eta lagunekin».

Bazkalostean, literaturaz gozatzen jarraitzeko aukera izan zen Larrabetzun. Antzerkiak garrantzi handia izan zuen, Kukubiltxok Leihotik mundura antzeztu zuen Hori Bai gaztetxean, eta Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak Xentimorik gabe herriko plazan. Xabier Montoia musikaria arduratu zen arratsaldeko azken orduak girotzeaz. Gauean, berriz, EH3 Kolektiboak, Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra liburuko letrak hip hopekin uztartu zituzten Hori Bain. Gaur izango du azkeneko eguna Literaturiaren aurtengo ekitaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.