Literatura

Euskal literaturaren plaza bilakatuko du Literaturiak Zarautz

Maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean antzerki ikuskizunak, kontzertuak, solasaldiak eta beste eskainiko ditu.

Artxiboko irudia. Zarautzen egingo dute aurten Literaturia. J. HERNAEZ, ARP
mikel lizarralde
2014ko apirilaren 30a
12:54
Entzun

Bost urte egin ditu Literaturiak Larrabetzun (Bizkaia). Literatura Eskolak hauspotuta sortu zuten bertako elkarteek, soilik euskarazko literaturari eta irakurzaletasunari eskainitako plaza izateko helburuarekin, baina bost urte igarota, plaza horri txikiegia iritzi eta urrats bat egitea erabaki dute sustatzaileek. Hala, aurten aurrenekoz, Literaturia Zarautzen (Gipuzkoa) egingo da maiatzeko azkeneko asteburuaren bueltan. Gotzon Barandiaran Literaturiaren bultzatzaileetako batek azaldu duenez, Literaturiak "plaza handiagoa" behar duelako hartu dute erabakia. Eta pauso hori ematerakoan Zarautz "leku aproposa" iruditu zaie. "Paperezko Lagunak taldea, Garoa liburu denda, gaztetxe bat, kulturaren arloan lan handia egiten duen udala... baldintza guztiak betetzen ditu Zarautzek literaturaren plaza izateko".

Aurtengo ekitaldian euskarazko literaturari lotutako hamaika ekintza eta ekitaldi antolatu dituzte. Hilaren 28an, asteazkenez, hasiko da Literaturia, Euskal Herrira kanpotik etorritako hainbat lagunek irakurriko dituzten testuekin. Lehendabizi, jatorrizko hizkuntzan irakurriko dituzte idatziak, eta, gero, euskarara itzuliak. 29an, berriz, Karmelo Landa Gabriel Arestiren Harri eta herri lanaz ariko da, liburuak 50 urte bete dituenean.

Hurrrengo egunetan era guztietako ekitaldiak izango dira, betiere euskal literaturarekin harremanduak. Imanol Epeldek Etxepare RAP ikuskizuna eskainiko du, gazteak literaturara gerturatzeko asmoa duena, eta Iñaki Zubeldiak haurrentzako saio bat egingo du. Izango dira, halaber, kontzertuak —Bide Ertzean, Petti (idazleen testuekin), Xabier Montoia—, liburu aurkezpen-solasaldiak, liburu azoka, Gabrielen lekua sentikaria, poesia errezitaldi kolektiboa, Inpromatxa antzerki inprobisatu lehiaketa eta beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.