"Geure historia guk geuk kontatzeko". Horretarako jarri zen martxan Euskal Memoria fundazioa, 2009. urtean, eta, geroztik, urtero liburu bat eta bi aldizkari kaleratu, eta Dokumentazio Gune iraunkor bateranzko bidea landu dute. Beren publikazioetan, besteak beste, erbestea, hizkuntza zapalkuntza, frankismoa, estatu terrorismoa eta tortura landu dituzte. Fundazioaren arabera, Euskal Herriko historia "faltsutu" egin dute maiz, eta horri aurre egitea da haien helburua. Eta, hain zuzen ere, lan hori saritu nahi izan dio Elkar fundazioak. Horregatik eman diote aurten ibilbidearen Elkar saria. Hala aitortu dute fundazioaren lana, prentsa ohar bidez: "Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta".
Burujabetza eta transmisioa
Bi balio nagusi azpimarratu dizkio Euskal Memoriaren fundazioari Elkarrek. Burujabetzarako ahalegina aitortu diote, batetik. "Garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izateari". Bestetik, egindako tranmisio lana ere aitortu nahi izan dute. "Herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria fundazioaren ekarpena".
Apirilaren 19an egingo dute saria banatzeko ekitaldia, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. 19:00etan izango da, eta Joseba Jaka bekaren sari ematea ere egingo dute aldi berean. Aurrez, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eta Gerediaga elkarteak jaso dute orain Euskal Memoria fundazioak jasoko duen aitorpena.