Kultura

Euskal PEN Kluba osatzeko batzarra egin dute

Hainbat idazle, itzultzaile, saiakeragile eta kazetari Gipuzkoako Diputazioan batu dira gaur Euskal PEN Klubaren sorrera batzarra egiteko. Funtsean, International PEN naziarteko erakundearen Euskal Herriko adarra eratuko dute, eta hark bezala, "edozein ikupuntu politiko edo bestelako dutela ere" idazleen arteko adiskidetasuna eta adimen-lankidetza bultzatzea izango du xede. Halaber, elkartearen jomuga da adierazpen askatasunaren alde borrokatzea. Txomin Peillen idazlea izango da ohorezko lehendakaria eta Laura Mintegi lehendakaria.

2004ko apirilaren 23a
19:12
Entzun
International PENek lekuan-lekuko klubak antolatzeko baldintza gisa jartzen du gutxienez 20 bazkiderekin abiatzea, eta Euskal PEN Klubaren bultzatzaileek aise gainditu dute kopuru hori: dagoeneko 28 idazle, itzultzaile, saiakeragile eta kazetari dira elkarteko kide izateko prest daudenak. Horretarako, Nazioarteko PEN Gutunarekin edukiekin bat egin dute, eta, halaber, diru kuota ordaintzeko prest daude.

Sorrera batzarra gaur egin bada ere, hilabete batzuk beharko dira oraindik Euskal PEN Kluba ofizialki eratu arte: lehendabizi International PENen Londresko egoitzara igorriko dute eskaera egiaztapena jaso dezan, eta, ondoren, irailean Norvegiako Tromso hirian egingo den batzarrean emango zaio baieztapen ofiziala.

Nolanahi ere, Euskal PEN Klubaren zuzendaritza nola eratu onartu dute gaurkoan: Txomin Peillen izango da ohorezko lehendakaria; Laura Mintegi lehendakaria; Joxemari Iturralde lehendakariordea; Eider Rodriguez idazkaria; Lutxo Egia diruzaina, eta, halaber, batzordekide izango dira Paddy Rekalde, Teresa Toda, Asier Serrano eta Fito Rodriguez.

Funtsean, International PENen helburuekin bat egingo du Euskal PEN Klubak: "leku guztietako idazleen arteko adiskidantza eta adimen-lankidetza sustatzea" izango du helburu, "kideek edozein ikuspuntu politiko edo bestelakoa dutela ere". Halaber, adierazpen askatasunaren alde borrokatzea eta "erregimen zapaltzaileak —eskuin muturrekoak zein ezker muturrekoak izanda ere— pairatzen dituzten idazleak irmoki defendatzea" dute jomuga.

PEN politikoki erakunde independentea da, gobernutik kanpokoa, eta UNESCOrekin kontsultarako harreman informalak ditu. Dawson Scott idazleak 1921ean sortu zuen, Londresen, eta berehala zabaldu zen mundu osoan, gaur arte. Egun, International PENek 14.000 kide ditu, 138 zentro eta 98 herrialdetan banatuta.

Euskal PEN Klubaren sorrera batzarrean, besteak beste, Tere Irastortza, Ana Urkiza eta Urtzi Urrutikoetxea idazleek parte hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.