DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. ZINEMIRA

«Euskal zinemarekin kolaborazio estua» agindu du Rebordinosek

Zuzendari kargua hartzean, euskal ekoizleekin egingo du lehen bilera, 2011ko ekitaldiari begira

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Prohibido recordar / Debekatuta dago oroitzea filmaren prentsaurrekoan beren-beregi parte hartu zuen atzo Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendari laguntzaile eta etorkizuneko zuzendariak, «euskal zinemarekin kolaborazio estua edukitzeko asmoa» duela jakinarazteko. Bere agerraldiaren hasieran euskaraz mintzatu zen.

«Kargu berrian egokitutakoan, aurreneko bilera euskal ekoizleekin egiteko asmoa daukat», adierazi zuen Rebordinosek. Urtarrilean hartuko du Mikel Olaziregiren lekukoa, eta hurrengo urteko ekitaldia hasieratik euskal ekoizleekin elkarlanean prestatzeko asmoa du.

«Donostiako Zinemaldiak gauza asko izan behar du, eta izan behar duen gauza horietako bat da euskal zinemaren zinemaldia», Rebordinosen iritziz. «Zinemaldiak Espainiako industriaren topalekua izan behar du, nazioarteko topalekua izan behar du, askotariko produktuak eta zinema -eta bizitza- ulertzeko modu ezberdinak erakusten diren leku bat izan behar du. Baina gure industriarentzako, gure ekoizleentzako eta gure produktuentzako topalekua ere izan behar du».

Filmaren aldeko hitzak

Beste arrazoi batengatik ere nahi izan zuen Rebordinosek Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Prohibido recordar / Debekatuta dago oroitzea filmaren aurkezpenean parte hartu. Honako hau esateko baliatu zuen abagunea: «Zuzentasun politikorik hotzena nagusitzen ari den garai honetan, oso garrantzitsua da Prohibido recordar / Debekatuta dago oroitzea bezalako filmak aurkeztea. Topikoa bada ere, film honek gogorarazten digu ahazten duten gizarteak beren porrotak errepikatzera kondenatuta daudela, eta gizateriaren aurkako krimen batzuek ez dutela inoiz preskribitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.