Donostiako Zinemaldia

Euskal Zinemaren Eguna gaur

Estreinatzeko dauden film luzeen saila sortu dute aurten, eta lau lan emango dituzte, denak erdaraz. Hurrengo urtean bi film euskarazkoak izango dira.

2008ko irailaren 24a
11:26
Entzun
Gaur izango da Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Eguna. "Berrikuntza garrantzitsu bat" izango du: estreinatzeko dauden film luzeen saila. Atal horretan lau lan estreinatuko dituzte, guztiak erdaraz: Omerta (Pavel Giroudek zuzendutakoa) eta La casa de mi padre (Gorka Merchan) fikziozko filmak, eta Vivir con las botas puestas (Lurdes Bañuelos) eta Motema na ngai (Juan Miguel Gutierrez) dokumentalak.

Beste bi sail ditu Euskal Zinemaren Egunak: Informatiboa (duela gutxi Euskal Herrian estreinatu dituzten zazpi film egongo dira ikusgai) eta Film laburrak (hamazazpi lan emango dituzte).

Principe aretoan, Victoria Eugenia antzokian eta Maria Cristina hoteleko areto batean ikusi ahal izango dira lan horiek denak.

Ibaia saria Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek jasoko dute (Ama Lur filmagatik), eta Amalur saria Marivi Bilbao aktoreari emango diote, bere ibilbideagatik.

Antolatzaileek iragarri dute hurrengo urtean bi film euskarazkoak izango direla: Zigortzaileak eta Zorion perfektua (Anjel Lertxundiren gidoia izango du honek).

1997tik ari dira egun hori antolatzen Donostiako Zinemaldian, "Euskal Herriko zinemagintzaren ekoizpenaren erakusleiho izateko".

Larunbatean bukatuko da Zinemaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.