Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago proiektatu dituzte aurten Donostiako Zinemaldian. Dena den, Irizar sarirako zortzi ziren hautagaiak. Eta horien artean, Juan Palacios (Eibar, Gipuzkoa, 1986) zuzendariaren 'Pedaló' lanak eraman du saria. Hiru lagunek itsasoko pedalontzi batean egindako bidaia kontatu du bere lehen film luzean, Hendaiatik (Lapurdi) Bilbora egindako bidaia, hain zuzen ere. "Dokumental bat egiteko oso malgua izan behar duzu", esan zion Palaciosek BERRIAri hilaren 17an argitaratutako elkarrizketan. Itsas bidaiarekin batera, Palaciosen beraren hausnarketa filosofikoak tartekatzen dira filmean, atzerriko irudi ederrekin batera. Lau urtez aritu da Palacios filma egiten. Berak idatzi du gidoia, grabatu, zuzendu eta ekoitzi du 'Pedaló'.
Filmaren bertuteak nabarmendu dituzte BERRIAko kazetariek, #Basquewood zutabean eta Zinemaldiko blogean.