1964ko abuztuaren amaieran Txillardegik eta beste euskaltzale batzuek Baionan eginiko bilera bat jo daiteke euskara batuaren abiapuntutzat. Han onartu zituzten hizkuntza batuak izango zituen arauetako batzuk, eta han hasi zen batasunaren aldeko indarra metatzen. Hori da 1968an Euskaltzaindiak bere egin zuen proposamenaren jatorria.
Data hori kontuan izanik, euskara batzeko prozesua nola joan zen eta zer ondorio izan zituen kontatuko du bihar hasi eta larunbatera bitartean Berriak argitaratuko duen erreportaje bildumak. Bost ataletan banatuta —1964ko hazia; 64tik 68ra zer?; Euskara batuaren plazaratzea; Gatazka Euskaltzaindian; eta Euskalkiak—, serieak kontatuko du nola gauzatu zen euskararen batasuna eta zer-nolako arazoak izan zituen bidean. Horretarako, bilera eta eztabaida haietan parte hartu zuten eta ondorengo urteetan ekarpenak egin zituzten hainbat aditurekin hitz egin du Berriak: Joseba Intxausti, Jean Louis Davant, Joanmari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Sagrario Aleman....