Herritarra da Xarles Bidegain, eta xumetasun hori nabarmendu zen atzo Euskaltzaindiak Baionan egin zion sarrera ekitaldian. Herriko Etxearen egoitza berean dagoen antzokiko sarreran igurikatu zuten Euskaltzaindiko kideek Bidegain. Baionako Herriko Etxean euskaltzain berri bat ohoratzea, euskara ofiziala ez den lurraldeko hiri nagusian, ezohiko gertakaria da, eta, horretaz jakitun, Bidegainen hainbat eta hainbat lagun eta lankide bildu ziren bertara. Ekitaldia hasteko tenorea zen, baina protokoloaren hertsidura alde batera utzita, poza lagunekin banatzen hasi zen Bidegain.
Euskalgintzako gizarte eragile ugari egon ziren ekitaldian, aspaldiko lagunak eta euskaltzaleak. Nabarmena zen poza Bidegainen begitartean. Besarkada eta irribarreek zuten lehentasuna, Andres Urrutia Euskaltzainburua iritsi eta barnera sartzeko agindua eman arte. «Ardi txakurra bezala nabil, ardi guztiak bildu beharrean».
Txistuaren hotsek urratu zuten airea, eta dantzariek ikurrin bat eman zioten Bidegaini, ohorezko agurra egin aitzin. Makil dantza ondoren. Ekitaldira sartzeko tenorea heldua zen.
Xabier Kintanak protokoloaren berri eman zien bildutakoei. Ondoren, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezordeak ongietorria egin zion euskaltzain berriari. «Eusko Ikaskuntzako kideari», erran zuen Etxegaraik. Baina, ondoren azaldu zuen bezala, euskararen munduan aditua ez denarentzat neke izan daiteke Euskaltzaindiaren lan sakona ulertzea eta horren garrantziaz jabetzea.
Baiona eta Oztibarre
Ez da erraza Baionan euskaldun haztea. Rolan Barthes idazlearen hitzak hartu zituen abiapuntu Bidegainek mintzaldia apailatzeko. «Barthesen arabera, Baiona perfeita da, irekia, zabala eta, ber denboran, hertsia eta zerratua». Baionako harresiak eta jauregia alde batetik, ibaiak eta itsasoa bertze aldetik. «Anitzetan pentsatzen egon naiz horrelako Baiona batean sortu naizen honek ez zuela batere menturarik euskaldun izateko eta euskarazko proiektu zientifikoetan partaide izateko».
Udak Oztibarren (Nafarroa Beherea) ematen zituen Bidegainek, eta han abertzaletasunarekin bat egin zuela aitortu zuen euskaltzainak, euskararen erronka are gehiago barneratuz. Populu bat ohartzen delarik ez dela aintzat hartua eta desagertzeko zorian dagoela, anitzetan abertzalegoa sortzen dela nabarmendu zuen. Ildo horretatik egin zituen urratsak, euskara erabat txertatu arte bere izaeran.
Urte luzeotako erronka izan du Hizkuntza Atlasaren osaketa. Hizkuntza funtzional eta arautuaren garrantziaz jabeturik, ahozkotasunak erakarri zuen. Herritar xumeen hitzak ezagutu, ikasi, bildu eta ikertzeak. Lehen ikerketak Oztibarreko laborari eta hazleen hitzak biltzetik abiatu zituen. Milaka ordu, ikerlariek geroan ere azter ditzaketenak.
Ez zituen ahanzturaren zorroan utzi Zuberoan, Nafarroa Beherean zein Lapurdin, berdin Bizkaian bidelagun izandakoak. Eta gogoan hartu zuen, Francoren garaiak tarteko, muga zeharkatzea debekatu zioten garaia.
Geroztik, ikasketen bideak etxalde eta baserrietara igorri du, hitzak zein esapideak biltzera. Hizkuntzalaritzari loturiko ikasketak sakondu zituen Okzitaniako Tolosan. Paueko Unibertsitatearen adarra den Baionako fakultatean euskal ikasketen xedea bultzatu zuen, bertze hainbat euskaltzalerekin batera. Ibilbide luzea jorratu zuen Bidegainek mintzaldian, maitasun hitzetan azaldua, lagun, euskaltzain, lankide eta literaturako izen handien aipamena eginez.
Luze jo zuen hitzaldiak, eta agiantza edo asmoekin biribildu nahi izan zuen Bidegainek. «Euskaldun jendeak bihotz onez eta jakitate handiz eman digun altxorra bihar-etzi baliagarri izan dakion euskaldun orori».
Izenak koloretan
Euskaltzain berrien harrera protokoloari jarraikiz, Beñat Oihartzabal euskaltzainak eman zion errefera Bidegainen mintzaldiari. Bost bokal nabarmendu zituen, eta Rimbaud olerkariaren arabera bakoitzari dagokion kolorea. Eta bide horrek Bidegainen bizian garrantzitsuak izan direnpertsona, leku edo garaiak umore finez harilkatzeko, bakoitzari bokal bat atxiki zion. Gaztaroko erreferentzia Oztibarrera hurbildu zuen Oihartzabalek. Garai hartan kokatu zituen Jacques Allieres Tolosan irakasle izan zuena eta Manex Erdozaintzi Etxart eskola lagun izandakoa ere. Eta Euskaltzaindiari erreferentzia egiteko, umoretsu, a hizkia hartu zuen hizpide. Bidegainen aitatxi Baztan aldekoa zela gogoratu zuen Oihartzabalek, Erratzuko Bozate auzokoa. Eta han agotak, jende baztertuak bizi zirela gogoratu, gaur egun buhame edo ijitoek pairatzen duten egoerarekin erkatuz. Horrela bada, Euskaltzaindian lehen aldiz agota sartu dela nabarmendu zuen, jakintzaren eta ekinaren grinak duen garrantzia azpimarratzeko.
Ekitaldia bukatzeko, Bidegainen koinatak, semeak eta ilobak banakoa dantzatu zioten.
Euskararekiko grinari ohore
Xarles Bidegainen engaiamendua eta lanerako grina goraipatu dituzte hura euskaltzain oso izendatzeko ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu