Euskaraz aritzen diren sortzaileek «autoantolatzea» erabaki dute

Azaroaren 24an erabakiko dute eraketarako sortuko den guneak zer forma hartuko duen: kooperatiba, elkartea, fundazioa…«Eratu» beharra dutela izan da Sortzaileon I. Topaketetan atera duten ondorio nagusia

Azpeitian bildutako sortzaileak, atzo eguerdian, topaketetako ondorioak eztabaidatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Azpeitia
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euskaraz lan egiten duten sortzaileek «eratu» egin behar dutela eta, premiazkoa denez, «autoantolatu» egingo direla erabaki zuten atzo Sortzaileen Topaketetako parte hartzaileek, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, elkarraldia amaitu eta ondorioak ateratzeko egindako bilkuran. Azaroaren 24an, larunbatarekin, egun osoko bilkura egingo dute, euskaraz aritzen diren sortzaile guztiei irekia, erabakitzekohorretarako dauden aukera guztien artean zein den egokiena: kooperatiba, fundazioa, kultur elkartea, iritzi taldea… Bilkura horretan finkatuko dira sortuko den gune berriak izango dituen helburu nagusiak ere.

Azaroan sortuko den guneak izan beharko lituzkeen helburuei buruzko hainbat ideia agertu dira herenegun eta atzo Sortzaileon Topaketetan, Gotzon Barandiaran Ahotseneako eta topaketen antolakuntzako kideak azaldu duenez. «Topaketetan atera dugun ondorioetako bat da kultur sistema osatzen dugun eragile guztion arteko sinergia ez dela behar bezala landu», azaldu du Barandiaranek.

Transmisioaren garrantzia da topaketetan argi azaleratu den beste kontu bat. «Uste dugu transmisioaz arduratzea nahitaezkoa dela gure lanak ikusgarriak izan daitezen eta guk nahi dugun bezala zabal daitezen, kultura berriro ere jendartean ongizate legez ulertua izan dadin lortzeko». Transmisioarekin oso lotuta dauden bi esparru ere aipatu dira, oso aintzat hartu beharrezkotzat jotzen direnak: hezkuntza eta komunikabideak.

Azaroko bilerarako lanak

Azaroan sortuko den guneak izango dituen helburuen artean horiek izango dira —aurreko egunetan Azpeitian planteatutakoak—, gero beste batzuk gehitu ahal izango bazaizkie ere. Topaketetan parte hartu duten 30 inguru lagunetatik irtendako sei laguneko batzorde batek azaroko mintegia prestatzeko lanak egingo ditu hurrengo hilabeteetan. «Gure asmoa da eratzeko aukerak lantzea eta horren araberako proposamenak egitea», azaldu du Barandiaranek. «Ahal izanez gero, nahiko genuke sortzaileei azaroaren 24ko bilkura baino hilabete lehenago helarazi horren inguruan bildutako informazioa, bilkurara joaten direnak aldez aurretik gogoeta egiteko aukera izan dezaten».

Aurretik, Azpeitian egindako topaketetako lan taldeetan eta osoko bilkuretan jasotakoa txosten batean biltzeko asmoa dute antolatzaileek. Topaketek emandakoarekin «oso gustura» daude antolatzaileak. «Autoantolatzea erabaki dugu, eta baita helburu garbi batzuk finkatu ere. Oso pauso handia da. Ez gara jende asko bildu, kontuan edukita zenbat sortzaile garen, baina argi daukagu aurrerago honetara jende asko bilduko dela, gero eta gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.