Kultura

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eman diote Montxo Armendarizi

Kulturari eta zinemari eginiko ekarpenagatik eman diote saria

2008ko abenduaren 23a
16:07
Entzun
Montxo Armendariz (1949, Olleta, Nafarroa) zinemagileari 2008ko Manuel Lekuona Saria eman dio gaur Eusko Ikaskuntzak, euskal kultura eta zinemari eginiko ekarpenarengatik.

Erakundeak gogora ekarri duenez, Armendarizek elektronika ikasi zuen Iruñean eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta arlo horretan aritu zen gero irakasle. Zineman 'Barregarriaren dantza' film laburra izan zen bere lehenbiziko lana. Harekin bi sari eskuratu zituen Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan, 1979an.

Sari horietako irabaziekin 'Ikusmena' errodatu zuen 1980an. Horrez gain, 'Ikuska' sailaren barruan Nafarroako Erribera gaitzat zuen 11. zenbakiaren ardura hartu zuen Armendarizek. Urte berean bere beste lan batek bultzada jaso zuen, Vianako Printzea Instituzioaren aldetik; hain justu 'Nafarrako ikazkinak/Carboneros de Navarra' proiektua, zeina Eusko Ikaskuntzaren iritziz, azken ikazkinen lanbide gogorraren gaineko "ariketa dokumental bikaina" izan zen.

Hari horretatik tiraka, bere lehenbiziko film luzea atondu zuen Olletakoak. Dokumental horretako protagonista, benetako ikazkin bat izan zuen horretarako ardatza: Anastasio Otxoa 'Tasio'. Honen erabili zuen, hain zuzen ere, filmari izenburua jartzeko. 1984an bukatu zuen, eta Elias Kerejeta zinemagilea produkzio lanetan aritu zen.

1986an Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eman zioten, '27 horas' filmagatik. Ondoren etorri zen immigrazioa eta integrazioa hizpide zituen 'Las cartas de Alou' (1990); lan honek hainbat sari lortu zituen, hala nola, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra eta Espainiako Goya sarietako Jatorrizko Gidoirik Onenaren Saria.

Gidoigile gisa bigarren Goya saria jasotzea ahalbidetu zion bere hurrengo lanak, 'Historias del Kronen' (1995) izenburukoak. Ikusle andana joan ziren film hori ikustera, eta horrez gain, kritikaren eta ofizioko profesionalen onespena jaso zuen berriz.

Eusko Ikaskuntzak gaurko agerraldian gogorarazi duenez, Europako Filmerik Onenaren Saria eskuratu zuen Armendarizen 1997an, Berlingo Zinema Jaialdian, 'Secretos del corazón' lanagatik. AEBetako Oscar Sarietara iritsi zen, Atzerriko Filmerik Onenaren atalean hautagai gisa.

36ko gerraren ondorengo diktadura frankistari aurre egiten zion 'makis' erresistentzia euskal herritarra eta espainiarra (besteak beste) izan zuen oinarri 'Silencio Roto' filmean, 2001ean. Ondoren 'Escenario móvil' dokumentala plazaratu zuen.

Literaturaren moldaketarik ere egin zuen zuzendari nafarrak. 2005ean Bernardo Atxaga idazlearen lanetan oinarrituta 'Obaba' filma egin zuen. Harrera bikaina izan zuen, batez ere New Yorken egoitza duen Ikuskizunetako Zinema Kronikagileen Elkarteak Urteko Filmerik Onena izendatu baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.