Durangoko Azoka

Eusko Jaurlaritza: "Azokak zer eredu behar duen hausnartu behar dugu denon artean"

“Berehala” eta “serio” eztabaidatu behar da azokari buruz, Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen ustez. Aurten Euskadi sarien araudia moldatu egingo dela ere aurreratu du: aurrerantzean egileek ez dute beren lanik aurkeztu beharko.

Durangoko Azoka, iaz. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2014ko ekainaren 18a
07:38
Entzun

“Inork ez du zalantzan jartzen Durangoko Azokak duen garrantzia, baina denon artean hausnartu behar dugu ea egun martxan den azoka eredua ote den behar dugun eredua, eta nola bideratu behar den eredu horren finantzaketa”. Durangoko Azoka “premiazko” egoeran zegoela eta, laguntzeko deia egin zion aurreko astean Gerediaga elkarteak. Gaur erantzun dio Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Hausnarketarako beharra azpimarratu du hark, eta azoka ereduari buruzko eztabaida zabaldu behar litzatekeela iradoki du. Haren ustez, Araba eta Gipuzkoako aldundiek eta Durangoko Udalak eta beste zenbait eragilek ere lagundu behar lukete azoka. Nola egin daitekeen hori eztabaidatu nahi du orain. Hurrengo astean da sailburuordea Gerediagakoekin biltzekoa. “Jarri behar dugu serio, eta jarri behar dugu berehala larritasunez formula bilatzen”.

Muñozek aitortu du azokaren garrantzia. Aipatu du haren balio erreala, eta baita haren balio sinbolikoa ere. Eta euskal kulturgintza ikusgarri bilakatzeko egiten duen lana nabarmendu du, adibidez. Muñozek ez du uste, ordea, Eusko Jaurlaritza denik azokaren diru arazoa konpondu behar lukeen bakarra. Larrialdi deiari sakon eztabaidatuz erantzun behar zaiola uste du hark. Ereduari buruzko gogoeta egiteko beharra nabarmendu du horregatik, eta mahaira erakunde eta elkarte gehiagok batu behar luketela adierazi du. “Azoka horretan bere sektorearentzat, bere herrialdearentzat eta bere kulturarentzat garrantzitsua den zerbait ikusten duten erakunde eta taldeen artean egin behar genuke gogoeta”.

92.000 euro izan zen iaz Eusko Jaurlaritzak azokari emandako dirua, eta aurten 100.000 euro emateko konpromisoa hartu du. “Oraindik ez dakigu nola egingo dugun”, aitortu du Muñozek. “Ez da auzitan jartzen egungo eredua zuloa sortzen duelako. Nik auzitan jarriko nuke nola ari diren jartzen martxan eredu bat jakinik zulo bat sortzen duela eta zulo hori betetzeko baliabiderik ez dutela. Momentu batean baliabide publikoek handiagoak izan beharko dutela eredu hori mantentzeko? Beharbada. Diru gehiago eskatzen den neurrian, ordea, eskumena eman beharko zaie erakundeei iritzia emateko”.


Euskadi sariak

Zabalik da aurtengo Euskadi sarietan parte hartzeko deialdia, eta zabaldu egin ditu irizpideak Eusko Jaurlaritzak. Egile eta argitaletxeek ez dituzte jadanik lanak aurkeztu beharko. “Lehiaketa” eredua utzita, saria berriz ere “sari” bilakatu nahi dutela azaldu du Kultura sailburuordeak. Epaimahaiak hautatuko du sarigai diren lanen zerrenda, eta haien artean hautatuko dute saritutako lana.

2010ean estutu zuten parte hartzerako filtroa. Urteko euskal literatur produkzio osoa hartzen zuen kontuan ordura arte zer lan saritu erabakitzeko. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako egileen lanak hartzen zituzten kontuan gaztelaniazko lanen kasuan. Baina urte hartan arauak moldatu, eta egileak edo argitaletxeek sariketara aurkeztutako lanak bakarrik hartu zitzakeen epaimahaiak kontuan. Eztabaida piztu zuen horrek, eta orain atzera egin du Jaurlaritzak berriz. Lanak aurkezteko baldintza hori kentzea erabaki dute orain. Kultura sailburuordearen hitzetan, sektorearen eskaria izan dute kontuan horretarako. 

Zazpi sari emango dituzte, 2013an argitaratutako lanen artean hautatutakoak: Euskarazko Literatura; Gaztelaniazko Literatura; Euskarazko Haur eta Gazte Literatura; Euskarazko Literatura Itzulpena; Literatura Lanaren Ilustrazioa; Euskarazko Saiakera; eta Gaztelaniazko Saiakera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.