Irune Berro
Eusko Legebiltzarrak gehiengoz erabaki du Guggenheim museoan izan diren irregulartasunak ikertzeko batzordea eratzea. PPk eskatuta bozkatu dute ikerketa batzordea sortzeko proposamena. Eusko Legebiltzarrean egon diren 68 parlamentariek eman diote baiezkoa erabakiari.
Batzorde berri honek paraleloki lan egingo du aurretik kasua aztertzen dabilen Bilboko epaitegiarekin. Roberto Cearsolo finantza zuzendariak egindako 500.000 euroko eskuratzea aztertuko du batzordeak. Era berean, ikerketa egingo dute dolarrak erosita museoak izan duen diru galeraren inguruan.
Legebiltzarkideak Ezker Abertzalea taldeari Guggenheim auzia-n akusazio gisa aurkeztea eragotzi dion erabakiari helegitea jarriko diotela agertu du.
Izan ere, Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiak akusazio partikular modura agertzea galarazi dio Ezker Abertzalea taldeari. Horretarako «zilegitasunik ez» duela arrazoitu du epaileak. Haren esanetan, «akusazio pribatua delitua zuzenean jasan duen aldea baino ezin daiteke izan». Horretaz gain, Eusko Legebiltzarreko taldeek edozein prozesutan parte hartzeko «zilegitasunik ez» dutela esan du instrukzio epaileak.
Alabaina, Jone Goirizelaia Ezker Abertzalea taldeko abokatuaren esanetan, «Legebiltzarreko talde orok du izaera juridikoa, eta, horrenbestez, akusazio moduan agertzeko eskubidea». Abokatuaren iritziz, Ezker Abertzalea taldeak ustezko delitua jasan du zuzenean. Ez bakarrik Legebiltzarreko talde horrek, «baizik eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiek». Beraz, akusazio gisa jarduteko aukera du Legebiltzarreko talde horrek, Goirizelaiaren arabera.
«Diru publikoarekin kudeatutako museoa da Guggenheim. Eta haren kudeaketan deliturik egon bada, herritar denek jasan dute delitu hori. Ezker Abertzalea taldeko legebiltzarkideek ere bai», esan du abokatuak. Goirizelaiak azaldu duenez, «arrazoirik ez dago Ezker Abertzalea taldeari akusazio gisa aurkeztea eragozteko». Baina epaileak kontrakorik erabakitzen badu -jarri duten helegitea onartzen ez badu-, Ezker Abertzalea taldeko legebiltzarkideak herri akusazio modura aurkeztuko direla adierazi du abokatuak.
Arte kritikarien desadostasunak
Hiru arte kritikarik Miren Azkarate Kultura sailburuak Legebiltzarrean emandako azalpenak ezeztatu dituzte. Fernando Castro Florez, Francisco Calvo Serraller eta Hans Ulrich Obrist kritikariek ukatu dute Guggenheim museoari obrak erosteko aholkuak eman dizkiotela. Azkaratek hiru aditu horien izenak aipatu zituen Legebiltzarreko Kultura batzordean iragan aste hasieran egin zuen agerraldian. Castro Florez, Calvo Serraller eta Ulrich Obristek Sozietate Edukitzailearen aholkularitza batzordeko kide izan zirela esan zuen Azkaratek.
Castro Florezek uko egin dio horri. Baita Calvo Serrallerrek ere. Madrilgo Soledad Lorenzo galeriak eskatuta -Pello Irazuren obra bat saldu zion Guggenheimi galeria horrek-, Irazuri buruzko «idazki laburra» egin zuen Calvo Serrallerrek. Eta galeriak Guggenheimi bidali zion. Baina Bilboko museoarekin bestelako harremanik ez duela izan adierazi du kritikariak. Eta gaineratu du ez dela «batere profesionala» saltzaileari obrari buruzko iritzia eskatzea. Ulrich Obristek, bestaldetik, Gerhard Rircterren obraren erosketan zerikusirik ez zuela izan azaldu du. «Artistaren ibilbideaz dudan ezagutzan oinarrituta, gutun labur bat besterik ez nuen idatzi, behin».
Kultura
Eusko Legebiltzarrak erabaki du Guggenheimen jarduera ikertzeko batzordea eratuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu