Plazak utzita dituzte Euzkitzek eta Sarasuak, baina tarteka kantatzen dute afarietan-eta. "Dozena bat urte gaztetu gintuzten", esan du Laxaro Azkune Erniarraizko kideak. 70 bat lagun bildu ziren. Euzkitzek berak ere gustura bukatu zuen, lapikue.eus Azpeitiko kultur webguneari aitortu dionez.
"Bertso afarian jendaurrean kantatzen da, eta estutu egin behar da burua ongi kantatzeko. Gainera, Erniarraizkoen artean entzule kualifikatu asko zeuden: Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Laxaro Azkune... Egia esan, oso eroso eta gustura sentitu nintzen. Alde handia da horrelako bertso lagunak izatea. Nik Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ere oso gustuko bertsolariak ditut, baina haiekin kantuan ez nintzen hain eroso sentituko".
Imanol Lazkanok eskatu zien Euzkitzeri eta Sarasuari bertso afarira joateko. "Nik errazena egin nuen: Sarasuak baietz esaten bazion, ni ere joango nintzela esan nion", dio aurrenak. Bestetik, hemen Erniarraitzen ibilbidea jasotzen duen bideoa.