Donostiako 60. Zinemaldia

Ewan McGregor: «Aita naiz, eta film batean nire alderdi hori lantzeko gogoa nuen»

Juan Antonio Bayonaren 'The Impossible' aurkeztu du, tsunami baten ondorioak pairatzen dituen familia bati buruzko filma'Trainspotting'-ekin ezagun egin zen aktore eskoziarrak filmaketako giroa laudatu du

Ewan McGregor, arratsaldean, The Impossible filmaren aurkezpenean, Donostia Saria jaso baino ordu batzuk lehenago. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Aurpegi estandarra behar du izan Ewan McGregorrek, Donostia Saria jaso duen inoizko aktorerik gazteenak —41 urte ditu—. Hain estandarra, ezen askotariko izaerak dituzten pertsonaiak interpretatu baititu zinema munduan aritu den 20 urteetan, batzuk beste batzuen muturrekoak kasik. Hura izan zen Obi-Wan Kenobi Star Wars-eko bigarren trilogian; segidan, akzioan erabat murgildu zen Black Hawk Down eta The Island-en; moral bikoitzeko pertsonaiei eman zien bizia Young Adam eta Cassandra's Dream-en; azkenik, dantzan eta kantuan ere abila dela erakutsi zuen Moulin Rouge musikalean eta Guys and Dolls-en antzerkirako bertsioan.

Orain, Donostiako Zinemaldian Juan Antonio Bayonaren The Impossible aurkeztera etorri delarik, ez du iragana ahantzi, are, Trainspotting-en aritu zen hura dela uste du. Proiektu berri bakoitzean egokitzen zaion «pertsonaiaren zapatetan sartzen» ikastea da gakoa, haren irudiko, eta horixe egin du film berrian ere, normalean baino errazago, pertsonaiarekiko sentitu duen gertutasuna dela medio. Naomi Wattsekin batera, 2004an Tailandiara oporretara joandako familia bateko guraso da filmean. Itsasertzeko hotel batean lasai antzean dabiltzan egun batez, tsunamia lehertzen da, eta olatu erraldoi batek hankaz gora eramaten du guztia, eurak tarteko. Bitan zatituko da familia, ama eta seme zaharrena batetik, aita eta bi gazteenak bestetik. Naturaren indar kontrolaezinen aurrean bizirik irauten saiatuko dira denak, eta, halaber, familiako gainerako kideak topatzen. Oro har, familia barruko maitasunaren gorazarre moduan uler daiteke istorioa.

«Aita naiz; nire bizitzan oso garrantzitsua den alderdia da hori, eta film batean lantzeko gogoa nuen», esan du McGregorrek. Hala ere, pertsonaiaren baitan barneratzerakoan ez du bizitza pertsonaleko elementurik baliatu: «Filmatzerakoan ez nuen nire haurrengan pentsatzen, zinemako nire familian baizik. Are gehiago, zinemako familiaren argazkiak bidaltzen nizkien etxekoei». Gisa berean, laudoriozko hitzak izan ditu filmeko hiru mutikoentzat, eta haiek egindako lana azpimarratu du, Tom Hollandena, batez ere. «Tomen lana ezin da beste bienarekin alderatu, kasik protagonista baita. Hark eramaten du aurrera filma, zinez era profesionalean». Gainerako biak adinez Holland baino nabarmen gazteagoak direnez, zukua ateratzeko beste teknika batzuk erabili behar izan dituzte. Esaterako, istorioaren nondik norako garrantzitsuenen berri ematen zieten, baina ñabarduretan sartu gabe, osorik ez ulertzeak beren baitako ahalmen dramatikoa hobetuko zuelakoan. Ongi funtzionatu du esperimentuak McGregorren ustean: «Txikiena oroitzen dut, Oaklee Pendergast, eszena batean malkotan, eta 'moztu!' aditu bezain pronto, saltoka jolaserako gogoz».

Donostia zalea, lehendik

McGregor izana da lehendik ere Donostian, Trainspotting-ekin lehendabizi, eta Moulin Rouge-rekin ondoren. Bereziki gogoratzen du bigarren egonaldia, 2001ekoa, inpresio berezia eragin ziona: «Memorian iltzatu zait inon baino harrera hobea egin ziotela Moulin Rouge-ri hemen; emozio uhin ikaragarria jaso genuen ikusleen aldetik». Horrez gain, hiriak ere liluratu zuen, eta zaleek hari ateratako argazkiak beste atera zituen hark inguruko bazterretan. Arropa erosi zuen alde zaharrean, eta, Bataplan dantzalekuko jaialdi antolatuaren ostean, Etxekalteko zulo ilunean amaitu zuen gaua. Irailaren 11ko atentatuen osteko jaialdi hartara gerturatu zen izar apurrenetako bat izan zen.

Zinemazaleez gain, motorzaleek ere begiko dute aktorea, errepideak bi gurpilen gainean zeharkatzeko afizio handia baitu. Charley Boorman aktorearekin batera, munduari itzulia eman zion motorrean, hiru hilabetetan. Esperientzia hura Long Way Round dokumentalean bildu zuten gerora David Alexanian eta Russ Malkin zuzendariek.

The Impossible-ren ostean, Bryan Singerren Jack The Giant Killer-en arituko da McGregor, Jack and The Beanstalk fabula ezagunaren bertsio berritzaile batean. Azaldu duenez, noizbait 20ko hamarkadan Everesten desagertutako George Leigh Mallory mendizalearen larruan antzeztu nahi luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.