DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Ewan McGregor aktoreak jasoko du Donostia Saria

Aktore eskoziarrak bere azkeneko lana aurkeztuko du, Juan Antonio Bayona zuzendariaren 'The Impossible' filma. 

2012ko abuztuaren 28a
16:37
Entzun

Ewan McGregor aktorearentzat izango da aurten Zinemaldiko Donostia Saria, ibilbide osoari egindako aitormen gisa. Donostia Saria emateko ekitaldia irailaren 27an izango da, Kursaaleko auditoriumean. Glenn Closen lekukoa hartuko du MacGregorrek. Eskoziako aktorea saria jasotzera etorriko da, baina ez esku-hutsik, The Impossible filma aurkeztuko duelako ekitaldiaren ostean. Filmaren Europa mailako estreinaldia izango da.

McGregor indarrez eta ausardiaz beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da beti; hasi ospea eman zion Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting filmeko droga kontsumitzailetik, Star Wars sagako Obi-Wan Kenobi ezagunaren paperetik igaro, eta Nicole Kidmanekin Moulin Rouge musikal erromantikoko izar izateraino. Publikoaren onespena irabazi du bere lane bakoitzarekin, jorratu dituen genero, estilo eta arlo guztietan.

Donostiara egiazko gertaera batean oinarrituriko The Impossible dramarekin etorriko da. Juan Antonio Bayonak zuzendutako filmean, Naomi Watts aktorearekin batera, 2004ko Tailandiako tsunamian zehar familia batek bizitako esperientzia izugarria, eta ondorengo egunetako hondamenaren erdian bizirauteko borroka, kontatuko ditu McGregorrek. 

Bestalde, Zinemaldiko 50. urteurrenean egin bezalaxe, aurten ere, Zinemaldiak 60 urte betetzen dituela eta, sari berezia ematea erabaki dute antolatzaileek. Atzo jakin zen Oliver Stone zinemagileak jasoko duela. Zuzendari estatubatuarrak Savages (Basatiak) bere azken lana aurkeztuko du jaialdiko Zabaltegi-Perlak sailean, eta Donostian izango da John Travolta eta Benicio del Toro aktore nagusiekin batera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.