American Pastoral filmaren Europako estreinaldia Donostiako Zinemaldian izango da. Ewan McGregor aktore ezaguna da filmaren zuzendari eta protagonista. Aktore eskoziarrak Donostia saria eskuratu zuen 2012an, eta aurten Sail Ofizialean lehiatuko da zuzendari lanetan egindako lehendabiziko lanarekin.
Philip Roth idazlearen izen bereko eleberria du oinarri filmak (Pulitzer saria eskuratu zuen nobela horrek), eta AEBetako familia baten kontakizuna egiten du hainbat hamarkadatan. Euren bizimodu idilikoa txiki-txiki eginda geratuko da, Ameriketako Estatu Batuetako kultura-egitura betiko aldatu zuen asaldura sozialak eta politikoak eraginda. Ewan McGregor zuzendari-lanetan hasi da, eta Seymour Levov Suediarra antzeztu du, institutuan atleta bikaina izandakoa eta egun negozio-gizon arrakastatsu bihurtua. Dawn izeneko emakume batekin ezkonduta dago. Baina Suediarraren bizitza zoragarri horren atzean laino beltzak ageri dira. Haren alaba Merry desagertu egingo da, indarkeriazko ekintza bat egin izana leporatu ostean, eta Suediarra alabaren bila hasiko da, familia elkartu nahirik. Baina aurkituko duenak barruak nahasiko dizkio. Azalean ageri denari baino gehiagori begiratu beharko dio, eta inguruan duen munduko kaosari heldu: AEBetako familia bat bera ere ez da lehen bezalakoa izango.
American Pastoral filmaren antzezle-taldean, honako izen hauek ere ageri dira: Jennifer Connelly (Oscar sariaren irabazlea A Beautiful Mind filmean egindako lanagatik), Dawn antzezten; Dakota Fanning (The Runaways, The Twilight Saga) Merry alabarena egiten; Uzo Aduba (Emmy sariaren irabazlea Orange Is the New Black telesailean egindako lanagatik) eta David Strathairn (Lincoln, Good Night, and Good Luck). Alexandre Desplat da soinu-bandaren egilea.