Zinema. Estreinaldiak

Exorzismoaren eskola berria

Mikael Hafstromek fedearen alderdi ilunaren inguruko beste ikuspuntu bat eman nahi du 'The Rite' filmean

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Vatikanoak albiste harrigarri bat jakinarazi zuen 2007an: exorzismoaren erritoa berrezarri behar zuen, mundu osoko kleroari exorzistak izateko aukera eman behar zion, eta, horretarako, eskola moduko bat sortu behar zuen. Kontu horrek Matt Baglio kazetariaren jakin-mina piztu zuen, eta gaiaren inguruko erreportaje bat idazteari ekin zion.

Ikertzen hasita, Bagliok Gary Thomas apaiz estatubatuarra ezagutu zuen. Erromara joana zen propio, exorzismoaren inguruko teknikak ikasi nahi zituelako. Hortik sortu zen The Rite filmerako ideia, baita haren pertsonaia nagusia ere: Michael Kovak apaiza. Ikasketak amaituta, gaur egun Gary Thomas apaiza AEBetan bizi den exorzista da, eta filmeko ahokulari teknikoa izan zen.

The Rite-k exorzismoaren inguru-minguru guztiak aztertzen ditu bi ikuspegitatik. Batetik, Lucas dago, fedearen alderdi iluna ezagutzen duen apaiza misteriotsua. Haren lan egiteko moldeak fama txarra du; hala ere, gaiaren inguruan gehien dakien pertsona da. Harengana joko du Michael Kovakek, apaiztegitik atera berri den apaiza gazteak. Exorzismoaren gaineko sekretu guztiak ezagutu nahi ditu, antzinako teknika horiek munduan barna barreiatzeko.

The Exorcist (William Friedkin, 1973) klasikoaren itzal luzearekin borrokan, The Rite-k beste ikuspuntu bat eman nahi izan dio gaiari. Bere seigarren filmari ekiteko orduan, exorzismoaren alderdi zientifikoa eta garaikidea izan da Mikael Hafstromi gehien interesatu zaiona. Protagonista lanetan aktore ezagunak daude, hamaika aldiz erretiroa iragarri duen Anthony Hopkins beteranoa, Alice Braga, Toby Jones eta Rutger Hauer erreplikante ohia. Haien ondoan, Colin O' Donoghue gaztea, bere lehen rol inportantean.

'THE RITE'

Zuzendaria: Mikael Hafstrom.

Aktoreak: Anthony Hopkins, Alice Braga, Ciaran Hinds, Toby Jones, Colin O'Donoghue, Rutger Hauer.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 112 minutu.

Estreinaldiak: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian. Hilaren 18an Hego Euskal Herrian estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.