Ezustekorik ezean, hilaren 31n itxiko ditu ateak Txillida Lekuk. Krisi ekonomikoak eragindako defizita jasan ezinda, museoaren aldi baterako itxiera iragarri zuen Eduardo Txillida zenaren familiak joan den azaroan. Aspalditik ari dira txillidatarrak eta instituzioak museoa bideragarri egiteko irtenbide bat negoziatzen, baina akordio bat lortu ezinda dabiltza. Konponbide bat adosteko «borondate osoa» du Eusko Jaurlaritzak, Blanca Urgell Kultura sailburuaren hitzetan. Baina bere sailak ez duela itxieraren «ardurarik, ez eta hura eragozteko inolako aukerarik» adierazi zuen atzo. Hernaniko museoa «lehenbailehen berriro irekitzeko lan egitea» da orain Kultura Sailari dagokiona, sailburuaren esanetan.
Hamar urte bete berri ditu Txillida Lekuk. Eduardo Txillidaren ametsa zen Zabalaga baserriaren inguruan bere lanak biltzeko museoa sortzea, eta hil baino bi urte lehenago bete zuen ametsa. Ordutik, Txillida familiak kudeatu du museo pribatua, eta urteotan erakundeen diru laguntzak jaso izan dituen arren, orain ezin dio gehiago defizitari eutsi. Familia eta erakundeak negoziatzen ari diren irtenbideak zein diren ez du zehaztu nahi izan Urgell sailburuak, bi aldeek negoziazioari «errespetua» gordetzea adostasuna lortzeko «oso garrantzitsua» dela iritzita. Baina ziurtatu zuen txillidatarrei «neurri, konponbide zehatz eta aukera sorta bat» proposatu diela Kultura Sailak, bai museoaren jabetzari bai kudeaketari dagokienez.
Jaurlaritzak akordio bat «lehenbailehen» lortzeko borondate osoa duela azaldu zuen Urgellek, baina gogorarazi zuen museoa jabetza pribatukoa dela, eta instituzioek ezin dutela bertan esku hartu jabeen adostasunik gabe. Horregatik, balizko akordio batek bi aldeen interesak konbinatu beharko dituela adierazi zuen; «pribatuak, guztiz zilegi direnak» batetik, «eta diru publikoaren alde egiteko ardura duten erakundeenak», bestetik. «Ziur nago egun hauetan [adostasun hori] topatuko dugula, eta espero dut arrazoizko epe batean iragarri ahal izatea egoera honi irtenbide bat emateko akordioa lortu dugula».
Arazo nagusia, museo eredua
«Arazo nagusia ez da dirua, azpiegitura baizik; museo mota da arazoa, autore museoa baita, besteak ez bezalakoa», esan zuen Luis Txillida museoko arduradunak atzo, Radio Euskadin. Azaldu zuenez, «nolakoa izan behar zuen pentsatzen zuen bezala» prestatu zuen museoa Eduardo Txillidak berak. «Horrek ematen dio balioa, agian bertan baino askoz ere handiagoa nazioartean, baina hori da museoaren benetako balioa». Txillida Leku orain arte familiak mantendu duela, eta irekita jarrai dezan «borrokan» jarraituko dutela gaineratu zuen Luis Txillidak.
Txillida Lekuren egoera hizpide izan zuen Odon Elorza Donostiako alkateak ere, atzoko udalbatzarrean. Elkarrizketek fruituak ematea eta museoa udaberrirako berriro zabalik egotea espero du Elorzak. «Sailburuak irizpide eta proposamen egokiak formulatu ditu udaberrian museoa irekitzea bermatzeko». Halaber, Lore Tokiko zalditegi militarrak Udalaren jabetzakoak direnean, museoari lur haiek erakusketak egiteko uzteko aukera aztertuko dela esan zuen Donostiako alkateak.
Aralarrek, berriz, Txillida Lekuren bideragarritasuna ziurtatzeko eta hartarako Txillida Leku Fundazioarekin hitzarmena lortzeko lan egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Baldintza bat gehitu zion Mikel Basabe legebiltzarkideak: «Hitzarmen horrek diru publikoa erabiltzea eskatuz gero, Eusko Jaurlaritzak Fundazioaren ondasunen jabegoan eta kudeaketan parte hartzea».
«Ez dugu aukerarik museoaren itxiera eragozteko»
Txillida Lekuren egoera bideratzeko, familiari hainbat proposamen egin dizkiotela azaldu du Urgell sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu