Donostian gaur eguerdian aurkeztu dute ikuskizuna, eta, Muñoaren esanetan, haien helburua da "hainbat galdera ikur" piztea, eta "barne mundurantz bidaiatzeko aukera" eskaintzea, haien "gure kezkak ikusleek dituztenekin konektatu ahal izateko". Mezuari emango diote garrantzia, baina helarazi nahi dutena "indartzeko", musika eta antzerkia baliatuko dituzte. Hartara, Aitor Atxegak gitarra joko du, eta Imanol Kamiok, berriz, akordeoia eta pianoa.
Gaitegiari dagokionez, mintzatuko dira, besteak beste, haurtzaroaz, egoaz, askatasunaz —"baina askatasun pertsonalaz"—, beldurrez eta gizontasunaz. Muñoak uste du ekarpen bat egingo dutela, "ez gaudelako horrenbeste biluztera edo kontatzera ohituta".
Lizarraldek badaki izenburua "probokatzailea" izan daitekeela. "Oso ohituta gaude horrelako gaiez kantatzera, eta oso gutxitan kantatzen dugu, aldiz, gutaz. Eta hobe hitz egingo dugu gutaz". Uste berekoa da Muñoa: "Bertsolari bezala, eta baita gure kulturagatik ere, aritzen gara gai estratosferikoez, gai sozialez eta politikoez. Baina gero ihes egiten diogu geure buruaz hitz egiteari; gure beldurrak, konplexuak, minak, frustrazioak eta beste partekatzeari eta ezkutuan ditugun hainbat alde erakusteari". Ez diete gai sozialei garrantzirik kendu nahi; "baina gutaz aritzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu", gehitu dute.
Basteroko estreinaldiaren ondoren, martxoaren 1ean Oiartzungo udaletxean arituko dira, eta apirilaren 19an, Larraulgo elizan.