Ezinezko hirien kartografoak

Italo Calvino idazlearen testuak oinarri hartuta, ilustrazio erakusketa bat osatu dute Uharteko Buldain museoan

Zenbait pertsona, Uharteko Buldain museoko ilustrazio lanen erakusketa ikusten. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Uharte
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ikusezin dena ikusaraztera. Hori da klabea, Leire Urbeltz ilustratzailearen ustez. «Bi hizkuntzaren artean dagoen hizkuntza bat da ilustrazioa. Testuaren eta irudiaren artean dago, eta biekin egin behar da lan. Ezin da literalki aritu. Bigarren zentzuekin jolastu behar da, testuko lerroartean gelditzen denarekin. Testuan esaten ez denarekin». Hori da Uharten (Nafarroa) dagoen Buldain museoan gidatzen duen ilustrazio tailerreko ikasleei helarazten dien mezua. Eta kurtso amaierako ariketa bilakatu du oraingoan. Italo Calvino idazle italiarraren Le città invisibili (Hiri ikusezinak) izeneko liburua hautatu du horretarako. Bertan biltzen diren kontakizunetariko bat ilustratzeko proposamena egin die ikasleei, eta haiek onartu. Buldain museoan jarri dituzte orain ikusgai, eta Metropoli ikusezinak deitu dute bilduma, eta maiatzaren 15era arte izango da zabalik.

Hamahiru ikasleren lanak bildu dituzte aretoan, orotara, eta Calvinok deskribatutako irudimenezko hirietariko bat ilustratu du bakoitzak. Ottavia izeneko hiria hautatu du Oskia Basterrak, esaterako, armiarma sare baten modura osatutako hiria. Koloretsu margotu du. Horiz, urrez eta marroiz betea; eraikin, etxe eta biztanle denak sare moduko batetik zintzilik. Eder imajinatu du Sergio Gonzalezek ere Isaura izeneko hiria. Etxeak bata bestearen gainean pilatuta, eta lurpeko urmael baten gainean. Ur tutuek osatzen dute Armillo izeneko hiriaCalvinok kontatzen duenez; iturri, urmael eta ur-ninfek. Desertuaren erdian irudikatu du, horregatik, Sofia Rodriguezek. Smeraldina, Ersilia, Zirma, Despina... Existitzen ez diren lurren kartografo bilakatu da ikasleetariko bakoitza erakusketan.

Ilustrazioaren eta artearen bidegurutzean du jarria orain begia Urbeltzek. Bere doktorego tesiko gaia du, eta hori du orain bere ikerketa arloa. Dioenez, fina da arlo baten eta bestearen arteko muga, eta badira kasu lausoak. Izena ere badu mugako joera horrek, Urbeltzek azaltzen duenez: Ilustrazio hedatua. Uharteko museoan ere ikus daiteke ikerketa horren oihartzunik. «Eskultura piezek maiz badute idulki bat. Ilustrazioaren kasuan, liburua da idulki hori. Liburua da ilustrazioaren euskarri nagusia, baina zer gertatzen da euskarri horren forma moldatu egiten denean, edo desagertu egiten denean?».

Aretoaren protagonismoa

Propio egin dute Urbeltzen galdera hori ikasleek ere, eta, erakusketa aretoan, gainezka egiten dute ilustrazioek horregatik. Orrian hasi, baina lurrera hedatzen dira, hormetara... Areto osoak hartzen du protagonismoa, eta nabarmena da ikasleen jolaserako gogoa. Hiri ikusezinak batzen dituen metro linea bat irudikatzen duten lerro beltzak marraztu dituzte aretoko puntu guztietan. Lerro beltz horrek eramaten ditu bisitariak hiri batetik bestera. Bidean, ordea, ez diote irudimenari aterik itxi nahi izan, eta bihurritu egiten da lerroa, adibidez, edo labirinto bilakatzen da, edo, lurretik hormara igo, eta marrazki bat gurutzatzen du bestela.

«Calvinoren ipuinek beti ematen dute emaitza ona», azaltzen du Urbeltzek. Anbiguotasuna dute alde ipuinek, dioenez. «Unibertsitatean nengoenean nik ere landu nituen Calvinoren ipuinak, ariketa gisa. Oso onirikoak dira deskribatzen dituen hiriak, eta mila irakurketa egiteko aukera eskaintzen dute. Aldiro ezberdina dirudi hiriak, eta aldatu egiten dira irakurlearen egoeraren arabera ere. Ilustraziorako bikaina da anbiguotasun hori».

Ikasleen lanekin egindako posterrak ere jarri dituzte salgai erakusketa aretoan. Museoko bigarren solairuan, berriz, Patxi Buldain artistaren lan erakusgarriak jarri dituzte ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.