Poesiaren bidez adierazten du ondoen Miren Agur Meabek bere barruan egosten dena. Baina, horretaz gain, bide joria egiten ari da haur eta gazte literaturan. Iaz argitaratu zituen hiru liburuek frogatzen dute hori, baita aurreko lan batzuek eskoletan urterik urte duten arrakastak ere.
Zer bilatzen duzu haur eta gazte literaturaren esparruan?
Haur literatura ihesbide bat izan da, alde batetik, poesia idatzi ezinik izan naizen garaietako ihesbidea. Baina, bestetik, semearekin eta haren bilakaerarekin batera garatu den zeregin bat ere izan da. Horretaz gain, duela gutxi arte izan dudan lanbideak ere [Giltza argitaletxean egin du lan] lagundu izan dit haur literaturaren giro hori neureganatzen. Idazten jarraitzen baldin badut, nire bizipenekin zerikusirik duten gauzei buruz idatziko dut beti. Ezinezkoa zait neure bizipenei lotu gabe idaztea. Badakit literatura fikzioa dela, baina idazten dudanak nire bizipenekin zerikusirik ez baldin badu, ez dut neuk sinesten eta ezin dut aurrera jarraitu. Batzuetan pentsatzen dut ederra litzatekeela nirekin zerikusirik ez duten bi pertsonaia sortu eta haien istorioak asmatzea, baina niretzat ezinezkoa da.
Haur eta gazte literaturako hiru liburua argitaratu zenituen iaz. Horietako batek —Zazpi orduak—, munduaren ikuspegi oso bat jasotzen du, ipuinen bidez.
Liburu kolektibo batetik sortu zen. Herri ipuinen kutsuko ipuin garaikideak eskatu zizkiguten Elkarretik, eta, enkargu hartarako ipuinak umeen gustuko zirela ikusita, halako gehiago idaztea erabaki nuen. Gero eta gai gehiagoren inguruko ipuinak behar zirela iruditu zitzaidan, eta azkenean Bitsa eskuetan-ekin batera amaitu nuen liburu horren idazketa. Erregistro ezberdinetan idatziak izan arren, badaude zubiak bi liburuen artean. Nire poesia irakurtzen ez duen jende askok liburu honen bidez deskubritu nauela uste dut. Kontatu didate amona batek 20 urteko bilobari eskatu ziola liburuko ipuinak irakurtzeko, eta amona irakurketa horien zain egoten zela. Hori ikaragarria da! Ez zen hori nire asmoa, baina ate bat izan da beste irakurle batzuengana iristeko.
Errepidea eta Mila magnolia lore narrazioetan gai gogorrak jorratu dituzu, haur eta gazte literaturan ez oso ohikoak.
Batzuetan beldurra ematen du gaur egun haur literatura idazten dugunok —eta neure burua ere sartzen dut joera horretan— zein pertsonaia eredugarriak egiten ditugun, nolako babeskerietan murgiltzen garen. Baina bi liburu horietan bestelako jokabide bat izatea bilatu dut, nahiz eta horietan ere badauden elementu fantastikoak eta gozoak.
«Ezinezkoa zait neure bizipenei lotu gabe idaztea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu