Errealismo magikoaren lorratzetik, eremu berezi bat sortu du Semih Kaplanoglu zinemagile turkiarrak bere azken pelikulan, Bal-en (Eztia). Baso ilun eta misteriotsua den lurralde horretan ibiliko da Yusuf gaztetxo isil eta sentibera. Basoan babestuta, mundu propioa eraikitzeko aukera izanen du, eta aitarekin duen harreman bereziak gauza berri eta aberasgarri ugari erakutsiko dizkio.
Aita ezti biltzailea da, akrobata baten moduan zuhaitzetara igotzen ikusi du semeak, han eta hemen erlauntzak uzten eta gero horietatik ezti gozoa biltzen. Gainerakoan, Yusufek gaizki pasatzen du jendearekin harremanetan jarri behar duenean. Totela da, eta lotsa ematen dio klasekideen aurrean irakurtzeak. Hala, nahiago du ahalik eta gutxien hitz egin.
Halako batean, aitak kontatuko dio gero eta ezti gutxiago dagoela eta urruneko baso batera joan beharko duela horren bila. Hortik aurrera, guztiz mututuko da Yusuf, eta amak ez du jakinen nola jokatu. Etsita, amonaren etxera eramatea erabakiko du. Baina semeak kosta ahala kosta aitarekin egon nahi du. Hori dela eta, egun batean haren bila abiatzea erabakiko du.
Bal Kaplanogluren laugarren lan luzea da. Turkian oso zuzendari errespetatua da, baina orain arte sorterriko mugetatik kanpo ez zen oso ezaguna. Hori guztiz aldatu zen iaz, Berlingo jaialdi ospetsuan Bal-ek urrezko hartz preziatua eskuratu zuenean. Horrez gain, Europako Zinemaren sarietan pelikula onenaren ataleko hautagai izan da filma, baita zuzendari eta argazki onenaren ataletakoa ere. Pelikula honek Turkia ordezkatu du Oscar sarietan, ingelesez besteko pelikula onenaren atalean.
'BAL'
Zuzendaria:Semih Kaplanoglu.
Aktoreak: Erdal Besikçioglu, Tulin Ozen, Alev Uçarer, Bora Altas.
Herrialdea: Turkia.
Iraupena: 104 minutu.
Estreinaldia : Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Ezti biltzailearen semea
Semih Kaplanoglu turkiarraren 'Bal' pelikulak Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen joan den urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu