Ezuste gehiago egon daiteke

Larunbatean lehiatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, BECen, eta bi iritsiko dira buruz burukora

Durango
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Gutxi ausartu dira larunbateko Bizkaiko bertso finalari begirako kinielak osatzen. Zortzi finalista izango dira bertan, bat bera ere sekula txapela jantzi gabea. Gainera, bost bertsolari lehenengozariko dira Bizkaiko finalean. Esperientziadun bertsolariak izango dira oholtzan, baina baita indarrez datorren belaunaldi bateko gazteak ere. Gauza gutxi dago argi, eta sorpresa gehiago jasotzeko aukera ere bada, beraz, larunbateko lehian.

Aurtengo finalari azken ukitua besterik ez zaio falta, Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kidearen iritziz. Udaberrian eskualdeka kanporaketak egin ostean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa udan abiarazi zuen elkarteak. Lehian hasi ziren 78 bertsolarietatik, zortzi finalista izango dira BECen, buruz burukora horietako bi besterik helduko ez direlarik.

Espero gabekoak gertatu dira kanporaketa eta finalerdietan. Igor Elortza, Xabi Paya eta Unai Iturriaga, aurreko urteetan lehen lerroan aritu zirenak, ez dira aurtengo txapelketara aurkeztu; Iratxe Ibarrak eta Fredi Paiak, berriz, ez dute finalera sailkatzeko aukerarik izan. Aurpegi berri asko ikusteko aukera izango da, beraz, BECeko oholtzan, belaunaldi berrietako gazteak, besteak beste: Miren Amuriza, Jone Uria eta Peio Ormazabal. Hala ere, Enbeitak argi utzi du gazteenek botatako erronkari gogor eutsiko diotela. «Lotsabakoek eman nahi diguten sorpresari aurre egin beharko diogu», adierazi du barre artean. Finalista denak bat agertu dira euren helburu nagusia saio txukuna ematea dela baieztatzerako orduan.

Larunbateko finalerako sarrerak salgai daude oraindik Interneten. BECeko pabiloia ostirala arte saldutakoen arabera moldatuko dute, nahiz eta egunean bertan leihatilan ere eskuratu ahalko diren.

Abenduaren 18an jokatuko dena «finala baino gehiago» izango dela adierazi du Uriartek. «Ez dira bertsolariak bakarrik izango bertan, agente askok hartuko dute parte, kanporaketak hain sutsuki jarraitu dituzten bertsozaleek barne». Larunbatean, aurtengo leloak dioen bezala, BECeko plazan elkartuko dira.

Baraiazarra, txapel emaile

Aurtengo irabazleari Luis Baraiazarrak ipiniko dio txapela. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkaria izandakoa da, baita hainbat urtetan epaile lanetan ibilitakoa ere. Bertsolaritza munduan egindako lanarekiko esker ona adierazteko, txapel emaile izendatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurten.

Berria «ohore handiz» hartu zuela esan du Baraiazarrak. «Euskaldunok lehiaketari txapelketa deritzogu. Gauza handia da niretzat irabazleari txapela, garailearen sinboloa, janztea».

Gutxi falta da larunbaterako, eta prestaketa lanak alde batera utzi dituzte jada bertsolariek. Miren Amurizaren arabera, «egin beharrekoa eginda dago jada». Orain arteko finalera begirako prestakuntzari dagokionez, zortea izan duela dio Amurizak: «Udatik aurrera plazaz plaza egoteko aukera izan dut, eta hori izan da nire entrenamendu nagusia».

Beste batzuk taldeko prestakuntza lanetan aritu dira. Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes adibidez, urtero legez, Larrabetzun bildu dira astero, «gustura eta giro onean». Aurten, Beñat Ugartetxea ere aritu da haiekin batera. Enbeita, berriz, «Zeanuriko bertsolariekin eta Gernikan beste enbeitatarrekin batera» prestatu da. Eneko Abasolo Abarkas apirilean hasi zen finala prestatzen, Lazkanorekin batera; «bistan da emaitza onak jaso ditudala», dio. Jone Uriak «esfortzu berezia» egin du etxean errimak lantzeko. Peio Ormazabalek, berriz, prestakuntza berezirik ez duela egin aitortu du: «Dutxan lantzen ditut errimak askotan, denek bezala, nahiz eta inork onartu ez».



Zortzi finalistak

Onintza Enbeitia
«Orain arte publikoak emandako erantzuna oso ona izan da. Jendea entzuteko gogoz etorri da saioetara. Ziurtasun osoa dut kristoren finala izango dela BECen. Gazteenek eman dezaketen sorpresari eutsi beharko diogu guk. Barkatzera bagoaz, galduta gaude».

Miren Amuriza
«Nahiz eta orain arteko saioetan itxura lasaia eman dudan, nahiko urduri ibili naiz. Pribilegiatu sentitzen naiz orain BECen eta halako publikoaren aurrean kantatzeko aukera izango dudalako. Ea zortziok ondo gabiltzan eta saio ona egitea lortzen dugun».

Beñat Ugartetxea
«Niretzat saria finalean bertan egotea izango da, eta uste eta espero dut lasai joango naizela. Onenak irabaz dezala larunbatean. Getxoko kanporaketa nahiko hotza izan zen, nire ustez, eta Gernikako finalerdian oso urduri nengoen hasieran, gero lasaitu nintzen arren».

Etxahun Lekue
«Nahiz eta finalera heldu ez, bertsolari fresko asko agertu dira kanporaketetan. Aurtengo finaleko argazkia ere berria dugu. Pozten nau gure belaunaldiko bik finalerako saltoa egin izana -Beñatek eta Abarkasek-. Nagusietako batentzat nahiko nuke nik txapela».

Arkaitz Estiballes
«Pozten naiz Peio finalera ailegatu izanaz, ia-ia txapela buruan izatea da niretzat ikasle batekin batera BECen kantatzea. Orain arteko saioetan ez dut askorik disfrutatu, osasun arazoekin ere ibili naiz. Baina finalera gogoz noa, buruz burukora heltzea espero dut».

Jone Uria
«Sorpresa asko egon dira jada kanporaketa eta finalerdietan, eta larunbatean ere hala izan liteke. Ni urduri ibili nintzen Balmasedako kanporaketan, baina lasaiago finalerdian. Ea BECen gustura nabilen, gozatzeko gogoa dut. Denon artean saio polit bat osatzea espero dut».

Eneko Abasolo
«Hainbeste urtetan beste horrenbeste plazatan kantatu eta gero, sari gisa hartzen dut jada finalera ailegatzea.Ahal dudana ematera noa larunbatean: gozatu, kantatu... Igorreko kanporaketan urduri, baina Zornotzan gusturago aritu nintzen; ikusiko dut BECen».

Peio Ormazabal
«Gustura nago oin arte egindakoarekin. Baina nahiko urduri ibili naiz kanporaketa eta finalerdietan; Igorren, hasieran ez nintzen eroso sentitu oholtzan. Finalera helduta, nire helburua bete dut jada, orain BECek eskatzen duen maila emateko ahalegina egingo dut».





Finala

Noiz: Abenduaren 18an.

Non: Barakaldoko BECen, 17:30ean hasita.

Gai-jartzailea: Bernar Mandaluniz.

Aurkezlea: Zuriñe Iarritu.

Epaimahaikideak: Mirari Azula, Josu Telleria, Asier Ibaibarriaga, Iñaki Aurrekoetxea, Gorka Intxaurbe eta Ainhoa Munitxa.

Txapel emailea: Luis Baraiazarra.

Sarrerak: Bazkideentzat 12 euroan daude salgai, gazteentzat 8 euroan, eta 16 euroan gainerakoentzat. Interneten (www.bertsosarrerak.eu) eta BECen eskura daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.