Faborito argirik gabe jokatuko da Arabako bertsolarien finala

Larunbatean izango da txapelketako azken saioa, 17:30ean, Gasteizko Principal antzokian. Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta aurreneko aldiz ariko dira txapelketako finalean

Txapelketako finalistak eta Bertsozale Elkarteko sustapen arduraduna, txapela aurrean dutela. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Gasteiz
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bide guztiek izaten dute amaiera bat, eta larunbat honetan bukatuko dute, finalarekin, Arabako Bertsolari Txapelketa. Txapelaren bila, nor baino nor gehiago lehiatuko dira Peru Abarrategi, Manex Agirre, Aroa Arrizubieta, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre. Inor ez da faborito txapela janzteko, baina jardundakoen esperientzia eta berrien freskotasuna elkartuko dira Gasteizko Principal antzokian, 17:30ean.

«Txapelketa oso parekoaizan da. Edozer gauza gerta zitekeen», azaldu zuen atzo Viñasprek, finalerako bideaz aritzean. Guztira hemezortzi bertsolarik parte hartu dute txapelketan: sailkapen fasea pasatu zutenek eta aurreko txapelketako finalistek. Sei sailkatu dira azkensaiorako. Aurrez aurre jarriko dira gaztetasuna eta esperientzia. Lau txapel dauzka Pereak, biAgirrek. Viñasprek, berriz, ez du final bat huts egin 2004tik. Igoak hirugarren finala izango du,eta lehen aldiz abestuko dute finalean Abarrategik eta Arrizubietak.

Hiru belaunaldi elkartuko ditu Principaleko oholtzan txapelketako finalak, eta horrek nolabait Arabako bertsolaritzaren «katea» erakusten duela nabarmendu dute bertsolariek. «Peru [Abarrategi] eta Aroa [Arrizubieta] kenduta, beste guztiak nire bertso irakasle izan dira», esan zuen Igoak. Aldamenetik gaineratu zuen Abarrategik berak Arrizubieta ez beste guztiak izan dituela irakasle.

Finaleko lanetan hiru ofizio osatu beharko dituzte binaka: zortziko nagusian, hamarreko txikian eta seiko motzean. Bakarka, bina puntu erantzun beharko dituzte, eta bi bertsoz josi gai bat. Puntu gehien jaso duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Fase horretan, berriz, ofizio bat abestuko dute Iparragirre abila dela doinuan, eta, bakarka, hiru bertso kartzelan nahi duten doinu eta neurrian.

Lierni Altunak jantziko dio txapela irabazleari. Urte askoan egindako lan isila eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak. 1997an hasi zen bertso eskolan, eta, ordutik, antolatzaile eta gai jartzaile aritu izan da. «Atzean dagoen lantaldearen ordezkari moduan ikusten dut neure burua», argitu zuen Altunak. «Bertsolaritza talde lanaren emaitza da, eta finalean ere ikusten da hori».

Bertsolaritza Araban

1984an jokatu zuten Arabako lehenengo txapelketa. 2002ra arte, izenez, Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso sariketa izan zen arabarren arteko lehia bideratzeko tokia. «84an antolatu zenetik, aldaketa dezente izan ditu gaurdaino», zehaztu zuen Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak. «Egindako aldaketa eta aurrerapauso guztiei esker lortu dugu gaur egun gauden tokian egotea».

Egun, Bertsozale Elkartetikherrialde osoan lantzen dute bertsolaritza ikastetxez ikastetxe; hainbat herritan bertso eskolak daude, eta bertsolaritzaren lanketa eskualde guztietara zabaldu dute. «Arabar geografia osoan zehar egiten dira hainbat formatutako bertso saioak», nabarmendu zuen Suarezek.

Sarrerak salgai daude antzokiaren ohiko bideetan: leihatilan, telefonoz eta Internet bidez. 10 euroan bazkideentzakoak, 5ean 16 urtetik beherakoentzakoak, eta 15ean arruntak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.