Zuzendari berrien lehenbiziko lanak, baita egile ezagunen azken obrak ere. Orotara, hamar film lehiatuko dira Donostiako 69. Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean. Latinoamerikako herrialdeetan ekoitzitako filmak biltzen ditu atalak, eta hangoak dira zuzendari gehienak ere: aurten, Argentina, Brasil, Kolonbia, Costa Rica, Mexiko, Suitza, Uruguai eta Venezuelako zinemagileen lanak lehiatuko dira –zortzi gizonezko eta bi emakumezko—. Jorratutako gaien artean diktadura, gatazka armatuak, dolua edota indarkeria matxista daude, besteak beste. 35.000 euro jasoko dituzte film irabazleko zuzendariak eta obra Espainian merkaturatzeko ardura duen banatzaileak.
Maximiliano Schonfeld argentinarraren Jesús López pelikularen mundu mailako estreinaldiak inauguratuko du saila. Filmak izen bereko lasterketetako pilotu gaztearen heriotza du abiapuntu. Ezbeharraren ondoren, hildakoaren tokia hartzen saiatuko da haren lehengusu Abel: Jesusen gurasoekin bizitzera joango da, haren arropa jantziko du, eta haren lagunekin eta bikote ohiarekin irteten hasiko da. Herrian Jesusen omenez antolatutako lasterketa batean, desagertutako senidearen autoarekin lehiatuko da Abel. Gaztearen grina onartu egingo dute hasieran ingurukoek, baina kezkagarri bilakatuko da gero.
Gatazka du oinarrian, berriz, Simon Mesa Sotoren Amparo-k. Izen bereko protagonistaren istorioa kontatzen du: Elias semea errekrutatu eta frontera bidal ez dezaten, haren artxiboak aldatuko ditu, eta herrialdetik ateratzea eskainiko dion gizon batekin jarriko da harremanetan Amparo. Kolonbian, Suedian eta Qatarren ekoitzi dute obra. Senidearen bizitza salbatzeko ezer gutxi egin ahal izango du, ordea, Lorenzo Vigas venezuelarraren La caja-ko protagonistak: Hatzinen aitaren gorpua Mexiko iparraldeko hobi komun batean aurkitu dute, eta haren bila joan da gaztea. Bat-batean, aitaren antz handia duen gizon batekin egingo du topo, eta horrek zalantza eta itxaropena eragingo dizkio.
Desagerpenaz dihardute Madiano Marchetiren Madalena, Andreas Fontanaren Azor eta Tatiana Huezoren Noche de fuego ekoizpenek. Marchetiren lanean, izen bereko emakume bat da biktima, Brasil mendebaldeko landa eremuko herri batean bizi zena. Bertakoei nola eragiten dien agertzen du pelikulak, batez ere Luzian, Cristiano eta Bianca protagonistengan ardaztuta. Azor-en, bankari bat desagertuko da diktadura garaiko Argentinan. Eta Huezorenean, neska gazteak izango dira bahituak: narkotrafikatzaileek kontrolatutako Mexikoko gune batean kokatzen da istorioa, eta umeek sufritutako indarkeria matxista du hizpide.
Intrigarantz jotzen du Ivan Funden Piedra noche lanak, eta kutsu fantastikoa ere antzematen zaio. Gretaren seme bakarra itsasoan hil zen, kostaldean duten udako etxetik gertu. Jabetza saltzen lagunduko dio Sina lagunak, baina, etxea utzi baino lehen, inguruan izaki bitxi bat dagoen zurrumurruaz jabetuko dira. Paz Fabregaren Aurora askotariko haurdunaldiez mintzo da, eta Alonso Ruizpalaciosen Una película de policías esperimentu dokumental eta narratiboa da poliziaz eta zigorgabetasunaz.
Manuel Nieto Zasen El empleado y el patrón filmak itxiko du aurtengo Horizontes saila. Osasun txarra duen haur bat du patroiak, eta ume jaioberria mantentzeko beharra enplegatuak. Istripu batek kolokan jarriko du bien harremana.
Aspaldikoak eta berriak
Zuzendarietako hirurentzat ezaguna da jaialdia dagoeneko: Fabrega, Ruizpalacios eta Vigas errealizadoreak sailaren parte izandakoak dira aurretik ere. Fabrega 2010eko festibalean lehiatu zen Agua fría de mar lanarekin; Ruizpalaciosek 2014ko Horizontes saria irabazi zuen bere lehen lanarekin, Güeros; eta Vigasek Desde allá obrarekin hartu zuen parte 2015eko Zinemaldian.
Aldiz, formatu berri batean eginiko lanaren lehen emaitza erakutsiko dute jaialdian zuzendarietako hiruk: izan ere, Marchetiren lehen film luzea da Madalena, eta beste horrenbeste da Azor Fontanarentzat. Bestalde, Huezok badu ibilbidea zinemagintzak, hainbat dokumental egin baititu, baina bere fikziozko lehen film luzea da Noche de fuego —hau ere jaialdian egona da: 2011n, El lugar más pequeño ez-fikziozko pelikularekin—.
Zinemaldiak lagundutako bost lan ere lehiatuko dira sailean. 2002tik, Latinoamerikako filmen postproduzioak finantzatu izan ditu jaialdiak Zinema Eraikitzen programaren bidez; Marchetiren eta Fabregaren filmak babestu ditu egitasmoak. 2020an, hura bertan behera utzi eta WIP Latam programarekin ordezkatzea erabaki zuten, eta hark lagundutako beste hiru lan bildu dituzte sailean: Schoenfelden Jesús López, Nieto Zasen El empleado y el patrón, eta Funden Piedra noche.