Literatura. Hirudia

Facebookeko eztabaidak

2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Azken boladan Facebook eta Twitter gizarte sareak asko erabiltzen ari gara euskal idazleen artean. Informazio anitz jasotzen da horietatik, eta oso azkar gainera. Adibidez, Fernando Aranburuk duela zenbait egun euskal idazleen kontra esandakoak Facebooken bidez jakin nituen El País-en paperezko edizioa atera baino egun bat lehenago.

Fernando Aramburu aspaldi ezagutu nuen, unibertsitate berean ikasten genuelako. Berak eta lagunek Cloc literatur aldizkaria egiten zuten eta guk Susa.Orain dela hilabete gutxi egin ginen Facebookeko lagun. Euskal literaturaren kontra esan zituen tontakerien berri jakin nuenean, gutun ireki bat idatzi nion berehala eta haren Facebookeko horman ipini nuen, nire protesta azaltzeko. Bere orri horretan 1.500etik gora lagun dituenez gero, gune publikotzat har daiteke, eta haiek nire gutun irekia irakurri ez ezik, beren hormetan jarri ere egingo zuten agian, poliki-poliki informazioa zabalduz horrela. Gutuna argitaratu eta gero eztabaida gogor bat izan nuen haren lagun batzuekin, Francisco Javier Irazoki poeta ezagunarekin besteak beste. Facebookeko bere 1.500 lagunetatik batek ere ez zion kritika ttipiena ere adierazi ordea. Bakarra izan nintzen. Aitzitik, denek zoriondu zuten «egia handiak» esateagatik. Beraz, oso lagun fidelak ditu, bistan da. Hurrengo egunetan kritikak leku askotan hasi zitzaizkion sortzen, interneten batez ere, eta nahiko azkar argitaratu zuen bere barkamen-artikulu sonatua. Batzuentzat ez zen nahikoa izan, baina niretzat bai, hasieran behintzat, ez baita oso ohikoa horrelakoetan adierazpen ttipiena ere. Asko sentitzen zuela behin baino gehiagotan esan zuen, eta borondate ona garbi zegoela iruditu zitzaidan, zenbait gauzari eusten zion arren. Agian batzuek belauniko jartzea ere nahi zuten. Konpara bedi orain dela 25 urte, antzeko polemika batean, Jon Juaristiren jarrera harroputzarekin eta hark bota zidan irain sorta oparoarekin.

Fernando Aranburuk bere barkamen-artikulua argitaratu ondoren, Facebookeko bere orrian bertan zoriondu nuen jarrera zuzentzaileagatik, eta bai berak eta bai Francisco Javier Irazokik eskerrak eman zizkidaten berehala. Mezua zintzilikatu nuenean bazkaltzeko ordua izan arren, minutu baten buruan bidali zidaten ihardespen bana. «Muchas gracias caballero Mikel H. Abaitua», esan zidan Irazokik. Fernando Arambururen erantzuna luzeagoa izan zen: «Querido Mikel, soy tonto pero no soy malo; he aprendido la lección». Ez zen jarrera txarra inolaz ere. Baina horren ondoren, aurreko egunetan zintzilikatu nuen gutun irekia eta beronek sortutako eztabaida gogorra ezabatu egin zituen. Nire zoriontze hitzak baino ez ziren gelditu, gainerako lagunen laudorioez gain. Orduan, mezu bat zintzilikatu nuen haren horman, nolabaiteko zentsura salatzeko, eta beste eztabaida gogor bat sortu zen berriro haren lagun porrokatu batekin. Berau ere kendu zuen. Anjel Lertxundik El Diario Vasco-n idatzi zuen artikulua ere jarri nuen Arambururen Facebookeko horman, hala nola hainbat euskal intelektualek 2000. urtean ETAren kontra idatzi zuten agiria eta Hasier Etxeberriak bere blogean argitaratutako euskal gatazkaz mintzo diren euskarazko eleberrien zerrenda oparoa. Hiruzpalau egunez behintzat utzi zituen han, baina azkenean denak ezabatu zituen, Facebookeko erabiltzaileen ohituraren kontra. Nire zoriontze hitzak ere kendu zituen, baina ez bere gainerako lagunen laudorioak eta losintxak. Horren ondoren Facebookeko barne-sistemako mezuen bidez jarraitu genuen hitz egiten. Nahiko eztabaida surrealista izan zen.

Azkenean damutu egin zitzaidan zoriontze hitzak adierazi izana, haren barkamen eskaera publikoa ez baitzen, ziur aski, bihotzekoa izan, bere ospearekiko kalteak gutxitzeko modu kalkulatu bat baizik. Luze gabe, idatzitako artikuluaz ere damutuko da agian, eta gehiegizko barkamen eskaeratzat joko, baina paperean atera zenez gero, hori behintzat ezingo du ezabatu. Teknologia zaharren abantaila, guretzat behintzat, kasu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.