Joan den irailaren 11n plazaratu zen berria, baina apenas izan genuen haren berriMendebalde urrun honetan. Pakistango poetarik ospetsuenetako batek, Fahmida Riazek, poema antologia argitaratu du, hogei urtez deus argitaratu gabe egon ondoren. Egilearen esanetan, bi mila poematik gora bildu dituzte Sab Lal-o-Gohar antologian, Riazen lan poetiko oparoaren erakusgarri. Hortaz, berri urrunera hurbiltzeko ahalegina egingo dugu, jakin-minez eta ezjakintasunez jantzirik, betiere.
Jakitunek diotenez, tradizioari aurre egiten dion poesia iraultzailea da Riazena. Hala izaki, ez da zaila imajinatzea zergatik kendu dioten hiru bider lanpostu publikoa, eta zergatik bizi izan den ia zazpi urtez erbestean. Dozenaka etiketa jarri izan dizkiote: jainkogabekotzat jo zuten, esate baterako, Pakistango apaizeria kritikatu zuenean; gizarte justiziaz mintzo zelarik, «komunista» esan zioten; «aberriaren aurkako» izendatu zuten, Mohamed Zia-ul-Hak jeneralak jazarrita erbesteratu zutenean; Indian bizi zelarik, Pakistango agentetzat hartu zuten, eta kontrara, Indiako agentetzat Pakistanera itzultzean. Boteredun gehienentzat, persona non grata; horrentzat, «biraolaria»; harentzat, «porno idazlea»; batzuentzat, «losintxaria eta atzerakoia», eta besteentzat, «heroia».
Indiar jatorriko familia literaturzale batean sortu zen Fahmida Riaz, 1946an. Urtebete geroago, hain zuzen, Britainiar Inperiotik bereizi zen Pakistan. Riaz poeta goiztiarra izan zen oso, lau urte zituela idatzi baitzituen lehenengo poemak. Eskolan urdu eta sindhi hizkuntzak ikasi zituen, eta gerora, baita persiera ere. Hamabost urte zituelarik, bere poema bat eman zuten argitara estreinakoz; lehenengo poema bilduma, berriz, hogeita bi urterekin kaleratu zuen. Orduz geroztik, ezin konta ahala lanbide eta zeregin izan ditu: kazetari, irakasle, aktibista, idazle eta itzultzaile, besteak beste.
Ikusezina, begien bistan
Islamdarren artean eta nonahi, sarri aipatzen dira «emakumeak» eta «emakumetasuna», baina urriak dira gai horiei buruz jendaurrean mintzatu diren emakumeak. 80ko hamarkadako Pakistanen, Zia-ul-Hak jeneralak eta haren teologoek Ebidentziaren Legea ezarri zuten, zeinaren arabera emakumeek emandako lekukotasunak gizonek emandakoaren erdia balio duen. Islamaren irakurketa tradizionalak, bestalde, «semi compos mentis» gisa izendatu izan ditu emakumeak, alegia, beren kasa erabakirik hartu ezin duten animaliatzat. Irakurketa horren arabera, bekatu eta lizunkeria ororen jatorri direnez, belo beltzez estali behar dute aurpegia. Horrez gain, lau hormaren barnean egon behar dute, eta ezin dira libreki mugitu, gizon baten babesaz ez bada.
Zia-ul-Hak jeneralaren aurka altxatu ziren, besteren artean, Fahmida Riaz eta Kixwar Nahid poetak. Tiraniaren aurka eginez, diskurtso feminista aurrerakoia eta modernoa garatu zuten, zeinak erronka jo zion islamaren diskurtso hegemonikoari. Zia-ul-Hak eta haren oinorde Nawaz Xarifek kriminalizatu egin zuten Riaz, baina poetak tinko eutsi izan die bere printzipioei. Segidan datorren poeman, begi bistan uzten ditu Riazek bere pentsamendua eta grina. Txador aur Txardibari urduz idatziriko poema garrantzitsuenetako bat da, hainbat adituren ustez. [Oharra: ingelesezko itzulpenetik euskarara itzulia].
Literatura
Fahmida Riaz, islamdar feminista
Lekutan da Pakistan. Urduz idatziriko literatura, are urrunago, Mendebaldeko irakurle gehienontzat, bederen. Hogei urtean baino gehiago isilarazia izan ondoren, urduzko poema antologia argitaratu du Pakistango poeta handienetako batek: Fahmida Riazek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu