Bere antzerki obrak aitortza bat, lekukotza bat zirela esaten zuen Eugene Ionesco antzerkigileak (Slatina, Errumania, 1909-Paris, 1994). «Agertokian egiten dut nire barneko dramaren proiekzioa». Familiaren egitura zen haren drametako bat. Ezbaian jartzen zuen. Kritika egiten zion. Absurdoaren antzerkiaren sortzaile izan zen Samuel Beckettekin batera, eta hori baliatu zuen bere barneko deabruak kanporatzeko. Beasaingo Urrup konpainiak haren bi antzezlan —L'avenir est dans les ouefs (1951) eta Jacques ou la sumission (1970)—egokitu ditu, eta Arrautza kontua... sortu, Ionescoren lan bat aurrenekoz euskarara moldatuta. Gaur estreinatuko dute Beasaingo Usurbe antzokian (22:15).
Ionescoren testuak, ordea, ez dira «errazak», Rosa Rojo konpainiaren zuzendariaren ustez. «Azken bi urteetan Dario Fo eta Juan Jose Alonso Millanen lanak egokitu genituen, eta haiek estruktura klasikoa zuten. Ionescorenek, berriz, oso ezberdina». Gogoko dute antzerkigile horren «umore beltza». Ironikoa, zinikoa... Eta molde horiek baliatuta, «betiko familia egiturari» kritika egiten die: «Matxismoari eta gehiegizko produkzioari, esaterako. Harentzat familia da gizartearen ispilua, eta familian elikatzen dira gizarteko rol eta balioak». Bi obrak estreinatu zirenetik mende erdia baino gehiago pasatu den arren, gaiek gaurkotasuna daukate oraindik ere; Rojoren irudiko, «gizartea eta familia egitura ez direlako aldatuko».
Arrautza kontua... antzezlanean Jack da protagonista. «Familiako balioei muzin eginez hazi da. Gehiegizko produktibitatearen kontra dago. Ez du ohiko bidea jarraituko». Roberte da haren bikotekidea. Egokitutako bi obretan azaltzen da Jack, baina Rojoren ustez, ezin zuten baten aldeko apustua egin: «Bigarrena egin ahal da berez, baina aurrenekoa bigarrena gabe herren geratuko litzatekeela iruditu zitzaigun».
Jatorrizko bertsioa frantsesez izan arren, gaztelaniakotik moldatu dute euskarara. Iñaki Albisua arduratu da horretaz. Dena den, hori baino «korapilatsuagoa» egin zaie eszenak beraiek egokitzea. «Pentsa, eszena batean izan ezik, beste guztietan 11 pertsona daude agertokian. Energia eta erritmo handia behar dira». Ionescoren lanetik «erritmoa» nabarmenduko luke Rojok. «Isiltasuna ere kontuan hartzekoa da... Izan ere, apenas dagoen. Pertsonen arteko inkomunikazioa oso ondo azaltzen du, baina pertsonaiak denbora guztian hitz egiten ari dira, isildu gabe. Halere, azkenean ez dute ezer ez esaten».
Une dibertigarriak
Antzezlana ikusten —ordu beteko iraupena dauka— ikusleak «asko» dibertituko direla iruditzen zaio Rojori. Gaurko estreinaldiaren ondoren, Lazkaon, Soraluzen eta Zizurkilen ere arituko dira.
Familia egitura ezbaian
Ionescoren antzezlan baten euskarazko aurreneko egokitzapena estreinatuko du, gaur, Urrup konpainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu