Fantasiaren tranpa

Osama Esid argazkilari siriarrak Iruñeko Ziudadelara ekarritako lanek Mendebaldeak Ekialdeaz sorturiko irudia iraultzen duteKairon egin ditu erakusketako argazkiak, eta eguneroko Egipto islatzen ahalegindu da

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Etxekotutako irudi bat; fantasia bat. Hori izan da luzez Ekialdea Mendebaldearentzat. Sentsualitatearekin eta exotismoarekin lotutako gunea. Edward W. Said pentsalari palestinarrak behin eta berriz ikertua du edertze horren atzealde politikoa. Haren hitzetan, Ekialdea «ikusi, dominatu eta erretenitzeko» balio izan dute irudi horiek. Orientalismoa deitzen dio joera horri. Irauli egiten ditu, ordea, topiko horiek Osama Esid argazkilari siriarrak, problematizatu. Orientalismoaren fantasiaren tranpa da Iruñeko Ziudadelan bildu dituen lanetan ikusten dena. Irudikapen jolasa; Egiptoko esperimentua du izena bildumak, eta martxoaren 13ra arte dago zabalik. IPES elkarteak eta Arabiar Etxeak gonbidatu dute artista Arabiarrak eta Islama: giza eskubideak eta eguneroko bizitza jardunaldien barnean.

Egipton atera ditu Iruñean dauden argazki guztiak, eta oihartzun handia izan dute hango istiluek erakusketaren aurkezpenean. Gurutzatu egin dira egunotan hedabideetan ikusi diren irudiak eta Esidek hartutakoak. Kairoko Askapenaren plazara ematen duten bideetariko bat ageri duen argazkiaren aurrean aritu da artista bere lanari buruz. «Kezkatuta». Lagunak ditu han, eta nola dauden jakiteko biderik ez. Argazkiei lotuta dabil. «Egun osoa ematen dut Internet, egunkari eta telebistetan aurpegi ezagunen bat noiz aurkituko». Haiek izan ditu gogoan. «Iruindarrentzako beste da Kairoko jendearentzako erakusketa».

Telebistan ikusitako beste irudi batek eragin zuen Egipton kokatutako lan hau sortzeko hazia. 2001eko irailaren 11ko atentatuenak. Minneapolisen zegoen Esid. «Telebistan hura ikusi nuenean pelikula txar bat zela iruditu zitzaidan, baina benetakoa zela ohartzean, nire jatorriaren zama guztia sumatu nuen gainean. Autobusa hartu nuen, eta normalean mexikartzat hartzen banaute ere, emakume bat hurbildu eta Ekialde Hurbilekoa ote nintzen galdetu zidan. Oso bortitza izan zen, AEBetan ez da ohikoa hain galdera zuzenak egitea. Dena aldatu zen egun hartan».

Arabiar gaiztoaren estereotipoa jarri zuten dantzan berriz ere bateko eta besteko ahotsek, eta galderak sortu zitzaizkion Esidi. «Hala galdetu zidan lankide batek: 'zergatik gertatzen da hau?'. Kontu eske bezala. Ekialde Hurbileko mapak zituzten liburuez bete ziren liburu denda guztiak, eta mapa haien guztien presioa sumatu nuen. Argazkilaria naiz, eta egoerari argazkigintzaren bidez erantzun behar niola sentitu nuen. Gehiago ezagutzen nuen AEBetako gizartea nire jatorrizkoa baino, eta ez nuen emazte eta lagunei emateko inolako erantzunik».

Hasiera batean, argazkigintzan ere ez zuen aurkitu bakerik. «Minneapolisko argazki erakusketa batera joan nintzen. Egiptoko argazkigintzaren 150 urte zuen izena. Piramideak ziren han ageri ziren bakarrak. Piramideak ikuspegi guztietatik, baina gai leunak ziren. Han ez zegoen niretzako erantzunik». Horregatik joan zen Egiptora, jendea erretratatzera. Beldurrarekin lotuta zetorkion Ekialdeari buruzko irudiari, bestelako irudi bat gainjartzera. Irudikapenenen logikan bere burua txertatu, eta haiekin jolastera, funtsean. «Hiru urte egin nituen han, eta neure buruarekin bakean itzuli nintzen AEBetara».

Hori da Esiden argazkien ezaugarri nagusietariko bat. Jolasa. Ikusleari tranpak jartzen dizkio etengabe. Kamerarekin beste egiten du lan bisitariak etxetik dakarren estereotipoen zamarekin. XXI. mendeko Egipto jartzen dio begi aurrean, behin eta berriz, baina XIX. mendeko argazkilaritzaren teknikez eta orientalismoaren arabera irudikatua. Errealitate garaikidea, iragan itxuraz.

Kairoko langileak

Ez da proposatzen duen jolas bakarra. Estetika orientalista horren arabera ageri diren pertsonaia ia guztiak Mendebaldekoak dira, izan ere. Iturrira bueltatzen du Esidek, nolabait ere, fantasia orientalista. Mendebaldeak Ekialdearentzat sorturiko fantasiaren arabera agertzen du Mendebaldea Orientalismoa eta nostalgia izeneko argazki sailean.

Eguneroko Egiptora eramaten du fantasia orientalista Kairoko langileak izeneko sailean. XXI. mendeko hiria da bertan ageri dena. Langileak, finean, baina atzean palmondoak ageri dituzten estudioko dekorazio zaharrak dituztela. Artifizioz osatutako fantasia errealitate gordinarekin, aurrez aurre. Bestela erretratuak izango ez diren horien duintasuna aldarrikatzeko modu bat. Kalean bertan egin zituen argazkiak. Ez arazorik gabe; zaila baita Egipton espazio publikoak asmo artistikoetarako erabiltzea.

Fantasia orientalista ez da gizartearen gune bakarrean ematen, Esiden hitzetan, ezta Mendebaldean edo Ekialdean soilik ere. «Fantasia horrek gizarte osoa hartzen du. Kalean jarri eta langileak erretratatzean ere, atzean dekorazio hori jarrita, erakutsi nahi nuen jende horrentzat ere fantasia horrek baduela bere pisua». Fantasia hori ez da zapaltzailea soilik, ez da inposizio hutsa ere. Konplexuagoa da jendeak irudikapen horiekin duen erlazioa. Ukatu edo indartu beharrean, problematizatu egiten du horregatik Esidek. «Nik neuk ere ikaragarri maite ditut batzuk, eta beste batzuk, aldiz, izugarri mingarriak zaizkit».

Hiria da protagonista Hiria distortsioan argazki sailean. Egipto. Argazkiek ez dute zarataz eta mugimenduz betetako hiriaren irudiarekin zer ikusi handirik. Shift and Tilt teknika erabiliz erretratatu du hiria Esidek, eta tranpa berri bat sortu du ikuslearentzat. Egipto erreala, baina teknika berezi horri esker maketa itxura hartzen du guztiak. Isiltasun eta baretasun osoan legoke hiria, haren zarata erreproduzitzen duen grabazioagatik ez balitz.

Erakusketa irekia da Esidena. Bisitariak ere badu parte hartzeko aukera. Bi saiotan, dekorazio orientalistarekin argazkiak atera dizkie Esidek bisitariei, eta gehitu egin ditu bilduman. Hala aritu zen atzo eta herenegun, eta lan berri horiek erakusketan daude. Erreprodukziorik ez dago, halere, Esidek banan-banan koloreztatzen baititu argazki guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.