Egoera «larria» izanagatik jaialdia «ospatu» egin behar dela esan du Joxemi Beltran Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astearen zuzendariak. Eta 23. aldirako egitarau oparoa prestatu dute. Hogei film luze eta hamazazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean, gaur hasi eta datorren larunbata bitartean. Gainera, erakusketak eta ziklo berezi bat prestatu dituzte, Nekrobira bat antolatu —gaur egingo dute, 19:00etan Bulebarretik abiatuta—, eta haurrentzako zinema ere programatu dute.
Sail Ofizialeko lanak Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian emango dituzte. Atzo, esaterako, The ABCs of Death film kolektiboaren prentsarentzako emanaldia egin zuten, jaialdiaren atariko gisa. Jendeak, ordea, bihar ikusi ahal izango du, Antzoki Zaharrean (00:45). Ireki, ordea, ScottDerringtonek zuzendu eta Ethan Hawke protagonista duen Sinister AEBetako ekoizpenak irekiko du Sail Ofiziala (19:45). Guztira, 22 film luze emango dituzte Sail Ofizialean, baina horietako 20 lehiatuko dira ikusleen saria irabazteko (6.000 euro). Film horietako gehienak, hamar hain zuzen, Europan ekoitzitakoak dira. AEBetakoak dira beste zazpi, eta Asiakoak bost. Beltranen ustez, fantasia genero «zabala» da, eta sail ofiziala «horren erakusle» izango da.
Film laburrak, berriz, bi sari eskuratzeko lehiatuko dira: Publikoarena eta Nazioarteko Epaimahaiarena. Azken hori Leticia Dolera aktorea espainiarrak, Srdjan Spasojevic A Serbian Film pelikula polemikoaren egileak eta Borja Crespo zinemagile eta eragile bizkaitarrak osatuko dute. Hamazazpi film emango dituzte, eta horietako gehienak, hamahiru, Europan ekoitzitakoak dira.
Lehiaketatik kanpo, berriz, Universalen sei film esanguratsurekin osatutako zikloa emango dute Viktoria Eugenian, bai ekoiztetxearen eta bai antzokiaren mendeurrenak ospatzeko. Gainera, lau erakusketa zabalduko dituzte Okendo kultur etxean, udal liburutegian, Principe zinema aretoetan eta Fnacen.
Jaialdiaren egitaraua kontsultatu ahal izateko, bisitatu webgune hau:
www.donostiakultura.com /terror/2012
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako 23. Astea gaur hasiko da
Datorren larunbatera bitartean hogei film luze eta hamazazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu