Zinema fantastikoaren Bilboko Fant jaialdiak Oskar Santos zinemagileari (Bilbo, 1972) emango dio Fantropia saria, antolatzaileek aurreratu dutenez. Santosek iaz aurkeztu zuen bere lehen film luzea: El mal ajeno. Alejandro Amenabarrek ekoitzi zuen.
Maiatzaren 2tik 8ra egingo dute Fant. Aurten Alondegiko Golem aretoetan izango dira emanaldi gehienak. Eta gaurdanik eros daitezke sarrerak, lau euroan, zein jaialdi osorako txartelak, 20 euroan. Herri askotako 300 film labur izango dira sail ofizialean. Eta sari bi eskuratzeko aukera izango dute. Lehen lana epaimahaiak aukeratuko du. Bigarren film saritua hautatzea, ordea, ikusleen esku geratuko da.
Horretaz gain, Nontzeberri kultur atariak sarean antolatutako lehiaketan jasotako lan onenak erakutsiko ditu Fantek maiatzaren 7an, Nontzefilmak atalaren barruan. 125 lan jaso dituzte, animazioak zein egiazko irudiz eginikoak. Orduan jakinaraziko dituzte saridunak zein diren. Zazpi sari izango dira guztira: animazioa eta egiazko irudien lehen, bigarren eta hirugarren sariak eta euskarazko lan onenaren saria.
Fanten 300 film izango dira, eta Oskar Santosek jasoko du Fantropia saria
Nontzefilmak sareko lehiaketako lanak ere erakutsiko ditu zinema fantastikoko jaialdiak, maiatzaren 2tik 8ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu