Faulkner, hegoaldea berrasmatu zuen egilea

Duela 50 urte hil zen teknika narratiboak lantzeagatik nabarmendu zen idazle estatubatuarra

mikel lizarralde
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldearen ahotsetako bat da. Mark Twain, Tennessee Williams, Harper Lee, Flannery O'Connor eta besterekin batera, iparralde industrializatu eta modernoarekin zerikusi gutxi duen eta tradizioz betea den hegoalde bero eta heze haren ahotsa. Ernst Hemingwayren prosa zuzenaren aurkaritzat jo izan dutena. Yopknapatawpha fikziozko konderriaren egilea. Esperimentazioari ekin eta teknika narratibo berriak erabili zituen idazlea. William Faulkner, AEBetako literaturak XX. mendean eman zuen idazle garrantzitsuenetakoa, gaurko egunez hil zen, 1962an. Duela mende erdi.

«Hotsa eta ardaila irakurtzen hasten dena beiraduren argi printzek bakarrik argitutako katedral gotikoan sartzen den bisitaria bezala sentituko da. Lehen momentuan apenas ikusiko duen ezer. Baina begiak ilunpe horretara ohitu arte irakurtzen segitzen badu, hasierako forma zirriborrotsuek gorputz eta kolore hartuko dute, eta, sari bezala, katedralak ezkutuan gordetzen zuen edertasun guztia zabalduko du bere begi aurrean». The Sound and the Fury-ren euskarazko argitalpenerako (Ibaizabal, 1992) Maria Garikano itzultzaileak idatzitako hitzaurreak ongi adierazten ditu Faulknerren literaturaren ardatzak: orainaldiaren eta lehenaldiaren arteko jauziak, barne monologoak, ahots ugaritasuna, sakontasun emozionala... Faulknerrek James Joyce eta Fiodor Dostoievski aipatzen zituen bere maisutzat. Irlandarrarengandik pertsonaien barne errealitatea eta subkontzientzea islatzeko joera jaso zuen. Errusiarrarengandik, berriz, indar handiko literatur mundu propio bat osatzeko gogoa.

Gerra egindakoak

William Faulkner (New Albany, 1897-Oxford, 1962) sendi tradizional batean jaio zen, AEBetako Sezesio Gerran konfederatuen aldean egon zen familia batean. Hain zuzen ere, haren birraitona, yankien kontra borrokatu zen, eta gerra hura galdu izanak bete-betean eragin zuen hala familian nola Faulknerren lanean: birraitona hura bera Sartoris koronela bihurtuta azaldu zen gerora idazlearen lehen lanetako batean, Sartoris-en (1929).

Faulkner ez zen ikasle ona izan, baina oso gaztetatik adierazi zuen idazlea izan nahi zuela. 1924an argitaratu zuen lehenengo lana: The Marble Faun, kaleratu zuen poema liburu bakarra.

Sherwood Anderson nobelistaren bitartez argitaratu zuen Faulknerrek lehenengo eleberria, 1925ean: Soldier's Pay, I. Mundu Gerran borrokatutako soldaduak protagonista dituen lana. Europan sei hilabeteko bidaia egin ostean, Mosquitoes eta Sartoris bere lehen obra garrantzitsua dena argitaratu zituen. Flags in the dust izenburuarekin ere ezaguna da azken hori. Yoknapatawphako herrialdean girotu zuen Faulknerrek, orduz geroztik idazlearen nobeletako familien (sartoristarrak, snopestarrak, compsontarrak...) bizilekua izan zen konderrian. Denborarekin, Yoknapatawpha zenbaki, muga eta biztanleria zehatzez ezaugarritu zuen idazleak.

Sartoris-ek irekitako bidean sakondu eta bere lehen maisulantzat jotzen dena argitaratu zuen 1929an: The Sound and the Fury. Jarraian etorri zen Yoknapatawphan giroturiko eta Faulknerren corpusa osatzen duen nobela sorta: As I Lay Dying (1930) Sanctuary (1931), Light in August (1932), Absalom, Absalom! (1936)... Garai hartan, Hollywoodek ere deitu zion eta film ezagunetako gidoiak idatzi zituen: To have and to have not, Hemingwayren eleberrian oinarrituta, eta The Big Sleep, Raymond Chandlerren nobela beltzaren moldaketa, besteak beste.

40ko eta 50eko hamarkadetan aitortza iritsi zitzaion. 1950ean Nobel saria jaso zuen, eta Pulitzerra, berriz, bitan eskuratu zuen. 1955ean, A fabule-rekin, eta 1962an, The reivers-ekin. 1962ko uztailaren 6an hil zen.

Euskaraz ere irakur daiteke William Faulknerren obra: Santutegia Xabier Olarrak itzuli zuen (Elkar, 1990), eta Hotsa eta ardaila Maria Garikanok (Ibaizabal, 1992). Era berean, Arrosa bat Emilyrentzat kontakizun laburra argitaratu zuen Ttu-ttua aldizkariak 1984an, Imanol Zubiriak euskaratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.