zinema

Faxisten Bizkaiko bonbardaketez dokumentala egin du Egoitz Rodriguez Oleak

20:00etan aurkeztuko du 'Zerutik sua dator!', Bilbon, Guggenheim museoan.

2011ko azaroaren 16a
17:40
Entzun

Egoitz Rodriguez Olea zinemagile bizkaitar gazteak Zerutik sua dator! dokumentala estreinatuko du gaur, Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 53. edizioan. Gerra zibilaren hasieran hegazkin faxistek Bizkaian egindako bonbardaketei buruzko gogoeta da, oroimen historikoaren ikuspegitik.

Euskal Telebistaren laguntzaz ekoiztu du, eta Guggenheim Bilbao museoko auditoriumean izango da estreinaldia, 20:00etan.

Zinemagileak gaurko prentsaurrekoan esan duenez, hasieratik ohiko gidoi, galdeketa, historiagile adituak alde batera uztea zen bere helburua, eta gizartearen parte hartzea sustatzea zuen erronka; hots, "hitza gizarteari ematea".    Abiazio faxisten bonbardaketak pairatu zituzten herrietako bizilagunek jazotako sufrimendua islatuz, "film laburrak sortu dituzte", eta elkarren artean uztarturik doaz dokumentalean. "Guztiak josiz, suaren epelean belaunaldi desberdinetako nolabaiteko lekukoek emandako testigantzen haria da. Itzaltzen utzi nahi ez den sugarren epelean, memoriaren sugarretan".

Rodriguez Oleak gaurko agerraldian ondoan izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondo, Zinebiko zuzendari Ernesto del Rio, eta bonbardaketa haietatik bizirik irten ziren bi lagun —Josefina Mota Bilbao eta Teodosia Etxeandia—. 

Ariztondoren arabera, "suak dena txikitzen du, baina suarekin eraiki ere egiten da. Deuseztapena eraikuntza bilakatzen du. Aldi berean, oroimenaren sugar ere bilakatzen da, antzinako euskal sukaldeetan, egiten zen bezala, eta, gehienetan, amek koordinatzen zuten hori".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.