Lagun baten bandcamp-ean izan nintzen aurrekoan haren musika entzuten. Besteak beste, Joe Crepusculorekin egin zuen kolaborazio bat du entzungai musika entzuteko plataforma horretan; kantari buruz idatzitako azalpenean, berak zenbait gitarra eta feminine vocals grabatu zituela esaten du. Grazia egin zidan. Ez du ahots bereziki femeninoa —feminitate kanonikoaz ari naiz, jakina— eta, beraz, haren femeninotasuna beste moduren batean markatu behar zuela pentsatu nuen.
Euskal musikan dauden emakumezko kantaririk gehienetan, erredundantea litzateke horrelako zerbait idaztea. Emakumezko ahotsik gehienek —eta oraindik ere emakumeak ahots dira batez ere gure musikan— eredu berari jarraitzen diote. Esango nuke gurean ondo kantatzea ahots fina izanik nota altuetan xaramelak egiteko gai izatea dela, emakumeez ari bagara. Hainbat aldiz entzun dut Anari eta Mursegori buruz, ereduari jarraitzen ez dioten bi aipatzearren, ez dutela ondo kantatzen, baina beste zerbait transmititzen dutela. Ezin da izan beste zerbait transmititzea ahots leuna izatea baino faktore garrantztsuagoa ondo kantatzea neurtzen ari garenean? Badakit gauza subjektiboez ari naizena, baina badira subjektibotasun batzuk hegemoniko egiten direnak, eta emakumeez ari garenean, hegemonia horrek beste zerbait adierazten duela esango nuke. Gizonezko gutxiri buruz entzun dut gaizki kantatzen dutela, edo behintzat gutxieneko afinazioa duten gizonezko gutxiri buruz. Mutil batek talde batean kantatuko badu, nahi beste eredu ditu, nahi beste erregistrotan. Emakumeen kasuan, erregistro onartutik kanpo dauden musikariak salbuespentzat ematen zaizkigu, eta, hortaz, neska gazte batek talde batean kantatu nahiko balu, demagun ahots baxua izanik —bai, talde batean kantatu nahi dut eta ahots baxua dut—, aldez aurretik onartu beharko luke periferian geratzea, eta zentrora pasatuz gero salbuespen moduan pasatzea. Nabaria da gurean riot grrrl mugimenduak eragin gutxi izan duela.
Bi ahotsetara
'Femenine vocals'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu