Feminismoa eta botere harremanak landuko ditu Ikuspuntu jaialdiak

Hilaren 22tik 27ra bitartean 64 emanaldi eskainiko ditu zinema dokumentalaren topaketak, Iruñean

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Zinema dokumentalaren Ikuspuntu jaialdiak programa indartsua aurkeztu du zazpigarren ekitaldirako. Otsailaren 22tik 27ra bitartean 64 emanaldi eskainiko dituzte Iruñean. Film gehienak Saide Carlos III aretoetan emango dituzte, jaialdiak Civivox Condestablen duen egoitzatik gertu.

Ohiko atalez gain —Atal ofiziala, Heterodoksiak, Erdialdeko eskualdea, Atzera begiradak eta Ekitaldi bereziak—, jaialdia bideratzeko bi sail tematiko izango dira: Pertsonala politikoa da: feminismoa eta dokumentala atala batetik, eta Tupi or not tupi. Kanibalak banpiroen kontra, bestetik.

Kutsu feministakoa izango da lehena, eta 25 urte bete dituen Iruñeko Emakumeen Zinema Erakusketa omentzeko ere baliatuko dute. Gainera, dokumentalari eta emakumeari buruzko Ikuspuntu Bildumako seigarren liburua ere argitaratuko dute sail horren barruan. Bigarren sailak, berriz, kulturen, generoen eta forma zinematografikoen arteko botere harremanei buruzko hausnarketa zabalduko du.

Film proiektuen lehiaketa

Heterodoksiak saila hazi egin zen iaz, eta aurten ere eutsi egin dio apustu bikoitzari. Batetik, Rewind atala 30eko hamarkadatik 50eko hamarkadara arteko zinemara hurbilduko da, anonimo izanagatik benetako haustura formal, narratibo eta politikoak proposatu zituzten zinemagileak aurkeztuz.

Bestetik, X Films Proiektua atalak hiru zuzendarik aurkeztutako proiektuen artean bat hautatuko du garaileak urtebeteko epean filma grabatu dezan. Otsailaren 27an Chus Dominguez iazko irabazlearen Notas de lo efimero estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.