Literatur solasaldia

Feminismoa literatur irizpide gisa

Argitaratu dituzten azken eleberrietan zaintza lanez eta maskulinitateez dihardute Karmele Jaiok eta Najat el Hachmik. Gaiotan sakondu dute ‘Emakumea, immigrazioa eta konpromisoa’ hitzaldian, Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Idoia Jauregi moderatzailea, Najat El Hachmi eta Karmele Jaio atzo, Bilboko Bidebarrieta liburutegian eman zuten hitzaldian. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko ekainaren 4a
15:24
Entzun

«Marea erretiratzean itsasoak uzten duena: hori ikusten du idazleak». Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberriko hitzok erabili zituen Najat el Hachmi idazleak bere jarduna azaltzeko. Bilboko Liburu Azokaren harira, literaturaren inguruko saioak antolatu dituzte Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta Jaiok eta Hachmik eman zuten lehenbiziko hitzaldia, Emakumea, immigrazioa eta konpromisoa izenburupean. Argitaratu dituzten azken liburuetatik abiatuta, Aitaren etxea (Elkar, 2019) eta Dilluns ens estimaran (Edicions 62, 2021) hurrenez hurren, errealitateari heltzeko dituzten ikuspuntuetan sakondu zuten bi idazleek: oro har, feminismoa aipatu zuten irizpide gisa, eta, zehazki, fokua jarri zuten zaintza lanak agertzeko beharrean eta maskulinitate eredu berrien hausnarketan, Idoia Jauregi kazetaria moderatzaile zutela. Halaber, emakume migratzaileen ahotsa ere nabarmendu zuen El Hachmik, haren literaturaren oinarria baitira.

«Nire idazketa prozesuan saiatzen naiz zatituak izan diren munduak berrosatzen, hala nola gizonena eta emakumeena, edota hemengoa eta kanpokoa». El Hachmik aipatutako ildo horrekin egiten du bat Jaiok, orobat, Aitaren etxea-n: Jasone eta Ismael senar-emazteengan ardaztuta dago kontakizuna; gizona idazlea da, eta emaztea ez, nahiz eta berak ere idazle izateko asmoa zuen gaztetan. Giza harremanak agertzen ditu, funtsean, Jaioren obrak: batetik, bikotekideen arteko erlazioa, eta, bestetik, batak zein besteak zaintzarekiko duten lotura, aitaren kargu egitea egokituko baitzaio Ismaeli.

Horiek horrela, protagonistek «prozesu» bat biziko dutela azaldu zuen Jaiok: «Konturatzen joango dira zergatik erakarri dituen bizimodu mota batek, zergatik egin dioten uko gauza batzuei... genero baldintzatzaile batzuk daudela ere ikusiko dute, hori guztia markatzen dutenak». Hala, Jaione jabetuko da bere helburua Ismael bilakatzea zela. «Konturatuko da bizitzan zehar beti behar izan duela gizon baten onespena pentsatzeko egiten zuenak balioa zuela. Gizonari ematen zaion autoritateak erakartzen zuen. Toki batera heldu nahi zuen, non erabakitzeko ahalmena izango baitzuen».

Era berean, El Hachmiren eleberriak gizonen eta emakumeen arteko harremanak jorratzen ditu. Bi andre gazte migratzaile dira obraren protagonistak. «Oso agerikoa den patriarkatu klasiko batetik ihes egiten ari dira, eta gizon berriak topatu nahi dituzte», azaldu zuen. Alabaina, munduaren «ikuspegi idealizatu» bat dute, autorearen arabera, eta beste patriarkatu batekin egingo dute topo, «identifikatzeko zailagoa» dena. «Auzoko gizonek berdinzaleen itxura dute. Azaletik eman lezake kontu batzuk konponduta daudela, baina, etxeetan eta logeletan sartzean, hor jarraitzen dute».

Adierazi zuenez, denbora behar da horren azpian dagoen «estruktura» ikusteko, eta andreak ez dira jabetuko, hasieran, haren presentziaz. «Aldaketak ez dira hain azkarrak izaten. Emakumeek etxetik kanpo lan egin dezaten alde agertzen dira gizon batzuk: onuragarria zaie esplotazio bikoitza edo hirukoitza. Nork nahi izango du mantendu etxean lan egiten geratzen den andre bat, beste emakume horien gainetik, zeintzuek dirua ekarri ez ezik, etxeko lanak ere egiten baitituzte?». Hala ere, prozesu bat biziko dute gazteek, Jaioren eleberrian bezala. «Hazteak idealizazioak ezerezten ditu».

Zaintza, kontakizunaren erdigunera

Jaiok aitortu zuenez, Aitaren etxea-ko gaiak zehaztean —«maskulinitateak, botere harremanak...»—, bere buruari galdetu zion: «Hor sartuko al zara?». Izan ere, El Hachmiren ustez, idazle batek «etiketatu dezaten arriskua» du gai konkretu batzuez jarduten badu. Zaintza lanak sartuko lirateke multzo horretan, besteak beste: gai «femeninotzat» jotzen dutenez, gizon batzuek uko egiten diote horren inguruan irakurtzeari, haiei zuzenduta egongo ez balitz bezala. «Baina saihestezina da», esan zuen El Hachmik, «eta ez da kontu femeninoa, baizik eta gizaki guztiei dagokiena». Baieztapen horrekin ere bat egin zuen Jaiok: «Gaiek inguratzen zaituzte, eta azkenean ez duzu beste erremediorik haietaz idaztea baino. Ez da kasualitatea».

Zaintza lanak «baloratu eta erakutsi» behar direla azpimarratu zuen idazle gasteiztarrak. «Ez dute beharko luketen zentraltasuna. Pandemian ikusi dugu zer den gizartea sostengatzen duena». Zaintzak «emakumeak zigortu» dituela ohartarazi zuen; bere eleberrian, ordea, gizon bat ere ageri da betebehar horiek egiten, eta, horren ildotik, aita-semeek duten harremanean sakontzen du idazleak. «Debekatuta dago kasik gizonen artean maitasuna erakustea». Gizon askok «islatuta» ikusi dituzte euren buruak, aurreko eleberrietan gertatu ez bezala, esan zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.