Kazetariak prentsa oharrak jasotzen ditu, zer, noiz, non, datuak ematen ditu: 5 egun, otsailaren 15etik 19ra, mundu osoko 219 galeria, ia 3.000 artistaren lana salgai, nola, zenbatean, lanik garestiena Francis Baconen koadro bat, 11,4 milioi eurotan, Marlborough galerian, beste guztiak hortik behera. Bi pabiloi bete artelan erosleen zain.
Benetako azoka ez izatea egotzi izan zaio Arcori beti, ez zuela eroslerik erakartzen, munduko bildumazale handien agenda estuetan ez zeukala lekurik, bestelako ekitaldi gehiegi zegoela, hitzaldiak, mahai inguruak, debateak, ez zela profesionala, hitz batean. Lourdes Fernandez donostiarrak bere zuzendari kargua utzi egin zuen orain dela bi urteko azokaren ostean. Carlos Urroz jarri zuten gero eta, itxura guztien arabera, galeriak orain gusturago daude: gutxiago dira, ekitaldiak gehiago daude merkatuari begira antolatuta, eta azokan bertan ere antzematen da:Antoni Tapies hil berriaren lanak daude edonon, pentsatzekoa da bildumazaleek haren lanen bat nahi izango dutela. Nabari da bai antolatzaileak balizko eroslea mimatzen saiatu direla; kontzertuak antolatu dituzte, esate baterako, Joy Eslavan eta Mataderon, AfterArco deitu duten ekimenaren barruan, azokara gonbidatutako bildumazaleek gauean elkar ezagutzeko modua izan dezaten, eta, hartara, negozioak egiten segi.
Feria ez baita azoka bakarrik. Arcoren astea zoramena izaten da Madrilgo arte munduan. Urduri eta irrikaz egoten da jendea. Aurretik hasten dira iragarkiak ugaltzen, kazetak ekitaldiari publizitatea ematen, galeriak dena prest edukitzen. Ifemako azokaren abaroan ekimen ugari antolatzen da egunotarako. Arteak hartzen du hiria astebetez. Bildumazaleak eta balizko erosleak erakartzen saiatzen dira denak; hala sortu ziren ArtMadrid eta JustMad alternatiboak, Arcora joan ez diren eta artista ez hain ezagunekin lan egiten duten galeriek euren artelanak non erakutsia izan dezaten. Eta bada euskal artistarik horietan ere; Ines Barrenechea galeriak, konparazio batera, Mikel Telleria tolosarraren lana erakutsi du JustMaden.
Feria ez da salerosketa bakarrik; jenderik gehienarentzat, egia esanda, ez da salerosketa, baina lana da. Lana, egunez egun eta etengabe egin beharrekoa, jendea ezagutzea da, harremanetan sartzea edo haiek sendotzea. Galeriako arduradunak artista ekartzen du, kritikaria aurkezten dio, kritikariak bildumazalea ezagutzen du, hari deitzen dio, laudorio eta irribarre artean joaten da elkarrizketa, zenbatean daukazu honen lana, modu onean egingo dizut, hitz egingo dugu; gero museoren bateko zuzendaria dator, badakite jada ez dutela diru askorik izango erosketak egiteko, baina segurua da, beti erosten du zerbait. Madrilgo Reina Sofia museoa da horietako bat; besteak beste, Bilboko Carreras Mugica galeriak eramandako Erlea Manerosen Exercises on Abstraction erosi du. Erosle finkoak dira gehienak, Coca-Cola Fundazioa, kasu; erosten duen lan bakoitzaren azpian bere pegatina gorria ezartzen du.
Erosleak erakartzen
Erosle batzuk ezagunak dira, baina ez denak, eta azokaren zereginetako bat balizko erosle berriak erakartzen saiatzea denez, ahalegin berezia egin du antolakuntzak horiei gauzak errazago jartzeko, atal bereziak jarriz. Opening da bat, gora datozen artista gazteen lana erakusteko pentsatua, indarra hartzen ari diren galerietan. Solo Projects da beste bat; galeriak bere artistetarik bakarra aukeratzen du haren lana nabarmentzeko. Geroz eta indar handiagoa hartzen ari den atal hau oso aukera ona da artista baten lana hobeto ezagutzeko. Hala ere, ohiko programa orokorretik kanpoko atal guztietan arretarik handiena bereganatzen duena Focus da: aurten Herbehereetako galeriei eskainia egon da. Herbehereetako artisten lana erakusteaz gain, hango galeriak, museoak eta bildumazaleak une batez bederen Madrilera begira jartzea da xedea, bateko zein besteko galeriak harremanetan jartzea. Feria egunak dira Madrilen. Eta feria guztietan bezala, jendea taldeka biltzen da, generorik onena zeinek ekarri duen eztabaidatzen da bazterretan, zeinek saldu duen ondo, zein eroslek eraman duen lanik garestiena. Arteaz hitz egiten du jendeak, baina batez ere diruaz, edo dirurik ezaz.
Eta feria guztietan bezala, ezer erosiko ez duen jende asko dabil, hara eta hona, artelanak ikustea beste zereginik gabe. Nekagarria da, lan asko dago, jende asko, ezin zaio arreta eta denbora askorik eskaini bakoitzari, baina ikusten dira gauza onak, balio du artistak ezagutzeko, eta, batez ere, aldizkarietan baino ikusi ez zenituen lanak bertatik bertara ikusteko modua ematen dizu. Edo lehendik ezagutzen zenituenenak berriro gozatzeko. Hans-Peter Feldman, Marcel Dzama, gozamen hutsa. Amets egiteko ere bai: egunen batean Tabakalera martxan jartzen bada, Candida Hoefer artista alemaniarraren argazki seriea erakutsi beharko da bertan, eraikinaren memoria akordura ekartzeko; bitartean, proiektuak daraman martxa ikusita, beldurgarria jarraitzen du izaten argazkiak: eraikina hutsik dago, zaharra da, abandonatuta daukate.
Artistak bai; interesa ere bai?
Zer pentsatua ematen du: bost galeria Euskal Herriko daude Arcon, oso lan interesgarriak dauzkate, gainera, baina Euskal Herrian artistak ez dira oso ezagunak, Txomin Badiola bat, Pello Irazu bat, nork ezagutzen ditu? Artea ez da erreferentzia euskaldunentzat. Eta borroka politiko antzuetan katramilatutako alderdi politikoak sekula baino galduago dabiltza kultur politikari dagokionean. Eusko Jaurlaritzak ba ote du aurrekonturik Arcon lanak erosteko? Eta foru aldundiek? Erosi ote du ezer Artiumek? Erosi ote du ezer Bilboko Arte Eder museoak? Erosi ote du ezer Bilboko Guggenheim museoak? Jose Luis Varez bildumazaleak Asier Mendizabalen porlanezko gurpilaz egin omen du galde Carreras Mugica galerian. Feria egunak dira Madrilen, zurrumurruak zabaltzen dira, interesa pizten da, ahoz aho dabil halako lanak jendea txundituta utzi duela: kazetariak, argazkilariak, kritikariak… jende asko bildu da Javier Perezen Carroña ikustera Carles Tache galeriaren standean. Artiumeko sarreran dagoen lanpara erraldoiaren ahizpa txikia litzatekeena ageri da zoruan, gorri, jausita, gainean beleak dituela.
Ez da Euskal Herriko galerietatik kanpo aurki daitekeen euskal herritar bakarra. Santanderko (Espainia) Juan Silio galerian, besteak beste, Ixone Sadabaren argazki harrigarriak eta Alain Urrutiaren koadroak daude ikusgai (ikatzez egindako marrazkiak dauzka Casado Santapau galerian). El Mundo egunkari espainolaren espazioan, berriz, Kepa Garraza bizkaitarraren hainbat koadro daude.
Xabier Salaberriak diseinatu du Bilboko Carreras Mugica galeriaren standa. Juan Perez Agirregoikoaren 3D marrazkientzako erakustoki bitxia eta garbia egiteaz gain,gris ilun serio eta elegante batekin bildu ditu galeriak aurten ekarri dituen lanak: Eduardo Txillida balio segurua, Txomin Badiola eta Pello Irazu ezinbestekoak, nortasun markatua erakusten du galeriak, urtetako lana, ongi zehaztutako ildoa, Asier Mendizabalen porlanezko gurpila, tradizio abstraktu baten oinordeko, guztiak ere. Eta Itziar Okariz, eta Erlea Maneros. Zeinek erosiko ote ditu lanok, izango ote dute estimaziorik, balioko ote diote baten bati gure errealitateaz beste irakurketa bat egiteko?
Iruñeko Moises Perez de Albeniz galeriak oso itxura ona dauka: Jon Mikel Eubaren lana dago albo batean, «Gora» handi bat ikusten da argazki batean, Boris Izaguirre dago begira, feria egunak dira Madrilen, inportantea da jendeak han ikus zaitzan, eta kazetariek, eta kamerek, batez ere kamerek. Alaska eta bere senarra hor dabiltza bueltaka, kamera guztiei irri eginez. Zer ikusi ote dute Jon Mikel Eubaren lanean? Iñaki Garmendiaren Orbea lana dago atzean, hara joan zaizkizu begiak, bizikleta bati egindako lehen planoen bilduma, irudiaren zatitze bat, mekanikoa. Eta Miraldaren marrazki mundial bat, non azken afari bateko janaria ageri den kolore biziz margotua. Eta Antoni Muntadasen lan zirikatzaile bat: hiru kartera, orain arte egon ez diren eta bere ustez egon beharko luketen hiru ministeriori tokatzen zaizkienak: Giza Eskubideak eta Justizia ministerioarena, Garapen Sozialarena, Ikerketa eta Berrikuntzarena. Eta gehiago, eta denak onak: Txomin Badiolarena, Willie Dohertyrena, Pello Irazurena.
Gasteizko Trayecto galeriak Aitor Lajarinen lan batekin harrapatzen zaitu, moduluekin eraikitako altzari bat ematen du, gauzak gordetzeko eskultura bat. Zeinek erosiko luke, eta non jartzeko? Non jartzen dituzte erositako lanak bildumazaleek, sukaldean, egongelan, garajean, zer egiten dute artelanekin? Gordeta edukitzen dituzte, kalterik izan ez dezaten, prezioz igo eta hurrena berriz saldu aurretik?
Galeriak galeriari erosi
Negozioak mila modutara egin daitezke, noski. Batzuetan galeria batek erosten dio beste galeria bati. Hala gertatu da aurten hautsak harrotu dituen erosketa batean. Donostiako Altxerri galeriak orain hamabi urte Elena Asinsek galeriarekin batera egindako lan bat ekarri du, eta artistak orain darabilen galeriari saldu. Iaz Madrilgo Reina Sofian bakarkako erakusketa jarri eta Espainiako Arte Plastikoen Saria eman ziotenetik gora egin du Azpirotzen (Nafarroa) bizi den artista madrildar horren lanak, eta aurten galeria askotan egon da haren lana salgai. Artistari ez zaio gustatu bere oniritzirik gabe galeriak lana saldu izana. Eta galeriakoak minduta daude orain hamabi urte eurekin egindako lana delako orain saldu dutena.
Feria egunak dira Madrilen, batzuek irabazi egingo dute, beste batzuek ez. Ez dute lan guztiek aurkituko eroslea. Hurrengo batean akaso pentsatuta konformatu beharko dute galeriak eta artistak. Kazetariak ez dauka dirurik, baina etxera eramango luke Bilboko Vanguardia galeriak ekarri duen Rut Olabarrik egindako buru horietako bat, kontserba pote batekin egindako koroa jarri diona, batez ere. Beste buru bat ez zaio gaizki etorriko.
Feria egunak Madrilen
Gaur itxiko da Arco azoka, 241 galeriaren erakustokia; bost Euskal Herrikoak diraParte hartzaileak gusturago daude Carlos Urroz zuzendari denetik: gutxiago dira, eta ekitaldi gehiago dago merkatuari begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu