Fermin Erbiti eta Kepa Larreak irabazi dute Juan Zelaia saiakera saria

Kazetaritzari, informazioari eta beste hainbat gairi buruzko gogoeta kritikoak jaso ditu Erbitik 'Hiru koaderno txiki' laneanEuskaldunek literaturan duten irudikapena du aztergai Larrearen 'Itzalak harturik'-ek

Naiara Elola.
Iruñea
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Dagoeneko hamar edizio igaro dira Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa eta Pamiela argitaletxea elkarlanean hasi eta Juan Zelaia saiakera saria antolatzen hasi zirela. Kepa Altonaga, Inma Errea, Bixente Serrano Izko, Pilar Yoldi eta Jose Angel Irigaraik osatutako epaimahaiak saritzeko 13 saiakera izan ditu esku artean, eta saria bi lani ex aequo ematea erabaki du: Fermin Erbitiren Hiru koaderno txiki eta Kepa Larrearen Itzalak harturik.

Fermin Erbitiren Hiru koaderno txiki lana kazetaritza, informazioa eta gaurkotasunezko beste zenbait gairi buruzko gogoeta kritiko laburrez osaturiko saiakera da, egileak azaldu duenez. «Saritutako obra diziplina handiegirik gabe egindako lana da, inertziaz egindakoa», adierazi du pozik egileak. Dena den, etorkizunean era «antolatuago» batean ordenagailuaren aurrean jartzeko hitza eman du. Izan ere, aitortu duenez, saritua izateak lanean jarraitzeko indarra eman dio. Kazetari lanengatik da ezagun batez ere Erbiti.

Kepa Larrearen Itzalak harturik lanean, literaturan azaltzen eta nagusitzen diren euskaldunei buruzko irudikapenak aztertzen dira. «Euskaldunok geure burua barrutik nola ikusten dugun azaldu nahi izan dut», jakinarazi du Larreak. Gaineratu duenez, hasiera batean Itzalak harturik saiakera doktore tesi bateko zatia zen. Baina Larrearen doktore tesiko zuzendariak zati hori kentzeko agindu zion, besteak beste, Euskal Herriko egoera islatzeko errealitatea eta fikzioa uztartzen zituelako. Nola atera EGA (euskara jakin gabe) (Likiniano, 2003; Elkarlanean, 2004) eta Euskalduntzearen atakan (Erein, 2005) liburuen egilea da Larrea.

Martxoan kaleratzeko asmoa

Bi sarituek benetan eskertu dute denbora luzez egindako lana aitortu izana. Gainera, Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko arduradunak azaldu duenez, 2011ko martxorako edo, Hiru koaderno txiki eta Itzalak harturik plazaratuak izatea espero dute.

Pilar Yoldi kazetari eta sariketako epaimahaiko kidearen arabera, «aurten lehiaketara aurkeztu diren 13 obrak gai aldetik askotarikoak izan dira, batez beste, maila onekoak, nahiz eta saiakeraren ordez sintesi, txosten edota lan akademikorako joera izan den». Hala ere, saritutakoez gain, Yoldik sariketara aurkeztutako Euskal harria lana nabarmendu du. «Aintzakotzat hartzeko modukoa da, baina, besteak beste, luzerari dagokion arauetan baldintza neurriz kanpo gainditzen duenez, azkenean, baztertua izan da irabazlea hautatzerako unean».

Aurten, Juan Zelaia saiakera sariak hamargarren urtea bete du. Joseba Intxausti Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko kideak jakinarazi duenez, duela hamar urte, sariketaren lehenbizikoaldian, 63 saiakera aurkeztu ziren, eta handik urtebetera, berriz, hiru besterik ez. «Juan Zelaia sariketaren etorkizuna kolokan ikusi genuen orduan», aitortu du Intxaustik. Dena den, orduko kezkak apurka-apurka desagertzen ari direla argitu du. Azken urteetan 13 edo 15 saiakera inguru aurkeztu dira urtero sariketara, «nahiz guztiak zentzu hertsian saiakerak ez diren izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.