Zentsura

Fermin Muguruzaren kontzertua galarazi du Madrilgo Erkidegoko Gobernuak

Fermin Muguruzak bihar Rivas-Vaciamadriden egitekoa duen kontzertua galarazi du Madrilgo Komunitateak. Herri horretako Udalera debeku agiri bat bidali du Erkidegoko Gobernuak, kontzertu hori Espainiako printzearen ezkontzaren kontrako ekitaldien artean sartuz, eta ezteien aurkako ekintza guztiak debekatuz. Muguruzaren kontzertuaren antolatzaileek azaldu dute ez dutela ekitaldi horiekin zerikusirik, eta aurrera segituko dutela. Ezkontzaren aitzakia hori jarri aurretik, PP mozio baten bidez saiatu da kontzertua galarazten eta AVTk ere gogor egin du Muguruzaren kontra.

2004ko maiatzaren 21a
21:01
Entzun
Bihar Espainiako printzea ezkontzen dela-eta eztei horien kontra antolatu diren ekitaldien barruan kokatu dute zenbaitzuk Fermin Muguruzaren kontzertua, eta Madrilgo Erkidegoko Gobernuak aitzakia hori erabili du ekitaldia galarazteko. Rivas-Vaciamadrideko Udal Kiroldegian eman behar du Muguruzak bihar kontzertua, eta herri horretako udalera debeku agiria bidali du Erkidegoak emanaldi hori ezteiaren kontrako ekitaldietako bat dela esanez, eta, ondorioz, "Konstituzioaren eta elkarbizitzaren aurkakoa".

Kontzertuaren antolatzaileek, berriz, ukatu egin dute Felipe Borboikoaren ezkontzaren aurkako ekitadiekin zerikusirik dutenik. Helburu hori "laudagarria" dela dio Muguruzaren emanaldia antolatu duen Ladinamo Kultur Elkarteak, baina eurek EZLNren sorreraren 20. urteurrena eta altxamendu zapatistaren 10. urteurrena ospatzeko antolatu zutela. Beraz, Erkidegoaren debekuan ezteien argudioa ematen denez, kontzertuarekin aurrera segitzeko asmoa agertu dute.

"Terrorismoaren biktimak iraintzea"

Nolanahi ere, PP lehenagotik saiatu da kontzertua eragozten. Atzo, larrialdiko mozioa aurkeztu zuen Rivas-VaciamadridekoUdalean emanaldia bertan behera gera zedin eskatzeko, baina IUko zein PSOEko zinegotziek kontra bozkatu zuten eta mozioa ez zen onartu. Alderdi Popularreko udal taldearen arabera, "terrorismoaren biktimak iraintzea" da Muguruzak kontzertua eman ahal izatea, ezker abertzalearen zein ETAren jarraitzale izatea egozten baitio musikariari.

Rivas-Vaciamadrideko bizilagun talde bat Muguruzaren kontrako idatziekin joan zen udalbatzarrera: Alkatea, ez itzazu ETAren jarraitzaileak finantzatu , Muguruza joan zaitez espetxera zure lagun hiltzaileei kantatzera eta ETA ez jartzen zuen kartel horietan.

Salaketa horiekin bat eginez, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak jakinarazi du bere zerbitzu juridikoa Fermin Muguruzaren kantuen letrak aztertzen ari dela "deliturik" dagoen edo ez ikusteko, eta Soziedad Alkoholika taldearekin egin bezala kereila kriminala aurkeztu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.